Politika -
Lauko gobernua
Iruñeko udal gobernuan 'konfiantza krisia' dago, Aranzadi eta I-Eren ustez
Joseba Asironek gogoratu die "konfiantza taldean lan eginda sortzen" dela eta "ezberdintasunak talde barruan konpontzen" direla.
Agentziak | Erredakzioa
Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak, EH Bildurekin eta Geroa Bairekin batera Iruñeko udal gobernua osatzen duten alderdiek, "gogoeta egiteko" eta "erabakiak kontsentsuz hartzeko" deia egin diete udal gobernuko beste bi kideei. Izan ere, haien hitzetan, "begi bistakoa da (udal gobernuan) konfiantza krisia" dagoela.
Pio XII.a etorbidearen proiektuaren inguruan lau alderdiek dituzten desadostasunek ageriago utzi dute krisi hori, baina aspaldikoa dela argitu dute biek. Armando Cuenca eta Edurne Eguino Aranzadi eta Izquierda-Ezkerrako (I-E) zinegotziek agerraldia egin dute egoeraren berri emateko.
Cuencak adierazi duenez, "udal gobernu honetan erabakiak ez dira adostasunez hartzen", eta, ondorioz, "ez gara betetzen ari akordio programatikoa".
Aranzadiko zinegotziaren ustez, laukoak bi urte daramatza agintean, eta ez du eurek beste egin nahi aurrera. Pio XII.a etorbidearen inguruan gertatutakoa "Udalean gertatzen ari denaren metafora da", zehaztu du.
Cuencaren esanetan, "gauzak aldatzeko beldurra dago, ez gara gai garrantzi handiko proiektuak aurrera ateratzeko".
Edurne Eguino I-Eko zinegotziaren hitzetan, mugikortasunaren auzian "ausardia behar da". Gainerakoan, erabakiak "kontsentsuz" hartu behar direla azpimarratu du. Izan ere, "udal gobernuan 14 gara, ez 10 lauren kontra", azpimarratu du.
Horrez gain, Eguinok argitu du Aranzadi eta Izquierda-Ezkerrako hautetsiek ez dutela dimisioa aurkezteko inolako asmorik eta, ildo horretan, azpimarratu du agerraldi honen asmoa udal-gobernuan gertatzen ari dena publiko egitea dela; izan ere, konbentzituta daude "egoera bere onera bueltatzea posible dela, zentzuz jokatzen bada eta akordio programatikoa berreskuratuta", erantsi du.
"Ez gara inora joango. Hemen gaude eta hemen jarraitu nahi dugu", adierazi du zinegotziak. "Udal-gobernua indartu egin behar dugu, tresna berrien bitartez eta bere lidergoa talde politikoen gainetik jarrita, irizpideetan oinarrituta lan eginda", gaineratu du.
Asiron: "Honek guztiak erregimenari egiten dio mesede"
Armando Cuencak eta Edurne Eguino zinegotziek egindako salaketaren harira, Joseba Asironek heldutasunez eta egoerak eskatzen duen mailarekin jokatzeko eta seriotasunez eta zorrotz lan egiteko eskatu die Izquierda-Ezkerrako eta Aranzadiko hautetsiei.
Gobernu-programaren % 54 gauzatuta dagoela gogoratu du eta Iruñeko Udalak aurrera eramandako proiektu guztiak banan-banan aipatu ditu.
"Gauzak hobeto egin daitezkeela esan dezakete, baita modu ezberdin batean edo beste erritmo batean ere, baina ukaezina da udal-gobernu honek lortutakoa", nabarmendu du.
Nolanahi ere, Asironek iragarri du "gogoeta prozesu bat" abiaraziko duela, "behar den moduan funtzionatzeko eta errespetatu beharreko gutxiengo arau batzuk zehazteko".
"Ezin daiteke gobernu bat zalantzan jarri gai tekniko eta zehatz batzuengatik", esan du Pio XII etorbidearen proiektuaren harira jaso dituen kritikei aipu eginez.
"Ni adostasunaren alde nago, baina gutxiengoan dagoenak bere egoera zein den onartu behar du", gaineratu du. Ildo horretan, Asironek gogora ekarri du Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak Pio XII etorbiderako defendatzen duten egitasmoa, EH Bilduren eta Geroa Bairez ezezkoaz gain, Udalaren eta Mankomunitatearen esparru ezberdinetako teknikariek ere baztertu zutela.
Hala eta guztiz ere, Iruñeko alkatea prest agertu da gobernu-programa berriro eztabaidatzeko, hori baldin bada arazoa. "Gobernu honi gauza bat behintzat ezin zaio ukatu: elkarrizketarako borondatea; elkarrizketa etengabea da udal-gobernu honetan eta nire bulegoaren ateak hautetsi guztientzako daude irekita", esan du.
Bestalde, konfiantza taldean lan serioa eginda sortzen dela adierazi du. "Ezberdintasunak talde barruan konpontzen dira eta erabakiak taldeak bere osotasunean hartzen ditu", erantsi du.
"Alkate honek eta bere taldeak Iruñea hobetzeko lanean jarraituko dute, aldaketaren aldeko apustua demokrazia errespetatzea delako", azaldu du.
Horrenbestez, honek guztiak "erregimenari eta eskuinari" soilik egiten diola mesede gogoratu die Asironek Izquierda-Ezkerrari eta Aranzadiri.
"Lauko gobernu honetan ez dago betorik. Ez gaude 2019an, ezta hauteskunde-kanpaina ere. Lanean aritzeko eta proiektuak ahalik eta adostasun zabalenarekin aurrera eramateko garaia da", azpimarratu du.
Geroa Baik bere "konpromisoa" berretsi du
Geroa Bairen Udal taldeak aldaketarekin duen "konpromisoa" eta gobernu akordioa berretsi, eta hori baztertzen dutenen "leialtasun eza" gaitzetsi du.
Geroa Baik, prentsa-ohar batean, "goitik behera" gezurtatu ditu udal gobernuaren kontrako kritikak, eta azpimarratu du Udaleko programaren akordioa "elkarlan osoarekin betetzen" ari direla.