Politika -
Urkullu-Puig bilera
Ximo Puigek esan du Kontzertu Ekonomikoa ez dela pribilegio bat
Valentziako Generalitateko presidentea eta Iñigo Urkullu Gasteizen bildu dira. Portuen transferentzia eta bi erkidegoak lotzeko trenbide sarea eskatu diote Mariano Rajoyri.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Ximo Puig Valentziako Generalitateko presidentea hartu du gaur goizean Gasteizen, "elkarlanerako aro berri bati hasiera emanez". Hala adierazi du Puigek.
Valentziako agintariak euskal Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa izan ditu hizpide. Tresna hori Espainiako Konstituzioak babestuta dagoela eta, beraz, pribilegioa ez dela azpimarratu du. Alabaina, autonomia erkidegoen finantzazioan ematen den "egoera injustua" konpon dezala exijitu dio Espainiako Gobernuari.
Puigen arabera, finantzazioarekin egun dagoen arazoak "erkidegoetako oinarrizko zerbitzu publikoetan du eragina, hala nola, osasunenean edota hezkuntzan".
"Espainiako Gobernuak ezin du beste aldera begiratu, ezin du entzungorrarena egin edo arazoa gainerako erkidegoak elkarrekin ados jarrita konpontzen dela esan; finantzazio sistema berri bat jarri behar du abian, erkidego bakoitzaren berezitasuna eta herritarren arteko berdintasuna bermatuz", azaldu du.
Portuen transferentzia eta trenbide sarea
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Valentziako Generalitateak portuak kudeatzeko eskumena transferitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, baita bi erkidegoen arteko trenbide sarea eraikitzea ere, Bilboko eta Valentziako portuak lotuta egon daitezen.
Horrenbestez, bi exekutiboak elkarlanean arituko dira portuen eskumena lortzeko. "Ez du inolako zentzurik portuak zentralizatuta egotea, ez da normala Madrileko erakunde batek zuzentzea gure portuak, hazteko eta lehiatzeko aukera mugatuz", kritikatu du Puigek.
Autonomia erkidegoek aipatu azpiegiturak "eraginkortasun handiagoarekin" kudeatuko lituzketela azpimarratu du. "Arrazoizkoa izan daiteke Estatuko erakunde batek portu guztiak koordinatzea, baina kudeaketa erkidegoen esku egon behar da", erantsi du.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Bilboko eta Valentziako portuen arteko lotura hobetzearen beharrizana ere nabarmendu du, batez ere merkantzia garraiatzeko eta aipatu bi erkidegoak Europarekin lotzeko. Ildo horretan, Kantauri – Mediterraneoa korridoreari buruzko ikerketa bat galdegin dio Estatuari.