Politika -
madril
Garcia Gazteluk uko egin dio 1995eko atentatu bati buruz deklaratzeari
Fiskaltzak 14 urte eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du, Espainiako Gobernuak Donostian duen Ordezkaritzaren aurkako atentatuagatik.
agentziak | erredakzioa
Xabier Garcia Gaztelu 'Txapote' ETAko kideak ez du deklaratu nahi izan Espainiako Gobernuak Donostian duen Ordezkaritzaren aurka 1995ean izan zen atentatua argitzeko epaiketan.
"Ez dut ezer esango, eta ez dut honetan parte hartuko", esan du gaur Auzitegi Nazionalean hasitako epaiketan. Fiskalak 14 urte eta 8 hilabeteko espetxe-zigorra eskatuko du.
Akusazioaren arabera, Garcia Gazteluk, Valentin Lasartek eta Juan Ramon Carasatorrek (azken bi horiek zigorra jaso dute dagoeneko atentatu horregatik) auto bat lapurtu zuten Errenterian, 1995eko uztailaren 18an, matrikulak aldatu zizkioten eta Donostiara abiatu ziren.
Puioko jauregiaren begiratokian, Ordezkaritzatik 400 bat metrora, aparkatu zuten autoa, eta, Fiskaltzaren esanetan, bi granada jaurti zituzten granada-jaurtigailu batez, "aintzat hartu gabe lesioak edo heriotza eragin ziezaieketela eraikinean lanean ari zirenei edo eraiki horren aurretik pasatzen ari zirenei".
Fiskaltzak 10 urteko eta egun bateko zigorra eskatuko du horrentzat, delitu terroristak leporatuta, sei hilabetekoa auto bat lapurtzeagatik, eta lau urte, bi hilabete eta egun batekoa matrikula aldatzeagatik. Era berean, eragindako kalte materialengatik, Estatuari kalte-ordainak ematea eskatuko du.