Politika -
Barne-hauteskundeak
PSE-EEk uztailaren 9an egingo ditu hauteskunde primarioak
Egun horretan izango da bozketa, idazkari nagusi izateko hautagai bat baino gehiago egonez gero. Irailaren 30ean, berriz, VIII. Kongresua izango da.
agentziak | erredakzioa
PSE-EEk hauteskunde primarioak egingo ditu eta uztailaren 9ko bozketarekin amaituko da prozesua, idazkari nagusi izateko hautagai bat baino gehiago egonez gero. Udazkenerako utzi dute, berriz, VIII. Kongresua, irailaren 30etik urriaren 1era.
Prozesua ekainaren 5ean hasiko da, Batzorde Nazionalak, zuzendaritzaren aginduz, idazkari nagusia hauteskunde primarioetan aukeratzeko oinarriak eta egutegia onartzearekin batera. Era berean, kongresuaren egutegia ere zehaztuko dute, eta bertan berretsiko dute idazkari nagusiaren izendapena, Idoia Mendia edo bere ordezko izango dena.
2013ko otsailean izan zen sozialisten azken Kongresu arrunta, hurrengo urteko irailean Aparteko Kongresua egin baitzuen PSE-EEk, Idoia Mendia buru duen zuzendaritza aukeratzeko.
PSE-EEk proposatutako egutegiaren arabera, primarioen prozesua ekainaren 19/20an hasiko da idazkari nagusirako hautagaien aurkezpenarekin, eta uztailaren 9an amaituko da, bozketarekin, hautagai bat baino gehiago egonez gero, alderdiak prentsa-ohar batean azaldu duenez.
Gero, oporrak igarota, VIII. Kongresua egingo dute irailaren 30etik urriaren 1era.