Politika -
Donostia
Bake politiketan aurrera egiteko erakundeen laguntza eskatu du EH Bilduk
Halaber, presoengan eta beraien senideengan sufrimendu gehigarria sortzen duten kartzela politikekin amaitu beharra dagoela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Salbuespen legeria bertan behera utziz, bizikidetza eta berradiskidetze politikak ezartzeko euskal erakundeen laguntza eskatu du EH Bilduk larunbat honetan. Ildo horretatik, “gatazka politiko oro” bide baketsuetatik konpondu beharra dagoela azpimarratu dute, eta presoen egoerari “konponbidea” eman behar zaiola esan dute.
EH Bilduk Bizikidetza eta bakea irabazteko, presorik gabeko Euskal Herria ekitaldia egin du eguerdian Donostiako Miramar Jauregian, eta, bertan, hainbat ordezkari izan dira. Julen Arzuaga legebiltzarkideak eta Eneka Maiz Etxarriko alkateak konponbidearen aldeko adierazpen bat irakurri dute.
Halaber, Marian Beitialarrangoitia diputatua, Maddalen Iriarte eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak eta Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea izan dira ekitaldi horretan.
EH Bilduk “mendekuan oinarritutako kartzela politika” eta “zigorrak luzatzeko aplikatu diren Doktrina ezberdinak” kritikatu ditu. Ildo horretatik, presoengan zuzenean eta beraien senide eta lagunengan sortzen duen sufrimendu gehigarriarekin amaitzeko eskatu dute Arzuagak eta Maizek. Era berean, presoei bisita egiteko senideek milaka kilometro egin behar dituztela salatu dute.
Gainera, gero eta pertsona gehiagok baztertzen dituzten kartzela politikak direla azaldu dute, eta EH Bilduk presoei eta haien familiei babesa emateko akordioak bilatzen jarraituko duela azpimarratu dute.
Hala, Espainiako 7/2003 Lege Organikoa eta salbuespen legeria bertan behera uzteko erakundeek eztabaida sakona egin behar dutela esan dute Arzuagak eta Maizek.
Beste alde batetik, “ETAk bere burua armagabetu zuenetik” Espainiako Gobernuaren jarrera ez dela aldatu salatu du EH Bilduk. Alderdi politiko horren esanetan, bizikidetza eta bakea lortzeko ezinbestekoa da “preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren norabideak urratsak ematea”.
Gauzak horrela, larriki gaixo dauden presoak lehenbailehen espetxetik ateratzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute, eta Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu dute, "presoaren heriotza gertatzeko arrazoizko ziurtasuna bi hilabete baino gutxiagokoa" izan behar baita kartzelatik ateratzeko.