Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoari jarritako helegitea, baztertuta

Auzitegi Konstituzionalak dio Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoak ez duela Eusko Jaurlaritzaren eskumenik urratzen.

Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurka Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen helegitea, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak urratzen ez dituela argudiatuta.

Jaurlaritzak 2013ean jarri zuen aipatu dekretuaren kontrako errekurtsoa, bere eskumenak urratzen zituela eta "ez-ohiko" neurri hori "berehala" aplikatzeko arrazoirik ez zegoela argudiatuta.

Patxi Lopezen agintaldian aurkeztu zuten helegitea eta ondoren Iñigo Urkullu lehendakariak auzibidearekin aurrera jarraitzea erabaki zuen.

Joan den maiatzaren 25ean, errekurtso hori baztertzea ebatzi zuen Konstituzionalak eta gaur jakinarazi dute ebazpena.

Auzitegi Konstituzionalak ebazpenean dio Errege Dekretuak ez dituela Eusko Jaurlaritzaren "osasun arloan dagozkion eskumenak" urratzen. Alderantziz, arlo horretako erregulazioak Espainiako Gobernuari dagozkiola azpimarratzen du.

Estatuak Osasun Sistema bermatu behar duela eta horretarako beharrezkoa diren neurriak hartu behar dituela aipatzen du. Areago, osasun-sistemaren koordinaziorako oinarriak zehaztea Estatuaren ardura dela dio.

Horrenbestez, "Estatuari soilik dagokio koordainketa ezarri ala ez erabakitzea eta finantzazio sistema horren baldintzak zeintzuk izan behar diren zehaztea".

Nolanahi ere, Auzitegi Konstituzionalak ez du erabakia aho batez hartu. Ebazpena bi epaileren boto partikularrak ditu eta horietako batek osoko bilkurako beste bi kideren babesa dauka.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Gizartea bideoak Eguneko albisteak Auzitegi Konstituzionala Osasunari buruzko albisteak Sendagaiak