Politika -
Estrasburgoko auzitegia
Europako Justiziak asteartean erabakiko du Atutxaren inhabilitazioaz
Europako Justiziak Atutxaren, Kontxi Bilbaoren eta Gorka Knorren helegiteei buruzko erabakia hartuko du, Sozialista Abertzaleen talde parlamentarioa ez desegiteagatik izandako auziaren baitan.
agentziak | erredakzioa
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak asteartean erabakiko du Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohiari ezarritako inhabilitazioaren inguruan. Auzitegi Gorenak 2008an ezarri zion zigorra, Batasunaren ilegalizazioaren ostean Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik. Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin zuen zigorra.
Europako Justiziak Eusko Legebiltzarreko mahaia osatzen zuten Atutxaren, Kontxi Bilbaoren eta Gorka Knorren helegiteei buruzko erabakiaren berri emango du, Sozialista Abertzaleen talde parlamentarioa ez desegiteagatik izandako auziaren baitan.
Konstituzionalaren ebazpenean hiru epailek boto partikularra eman zuten, zigortuek euren burua berme guztiekin defendatzeko aukerarik izan ez zutelako.