Politika -

Katalunia

Guardiola: 'Bozkatuko dugu, Estatu espainiarrak nahi ez badu ere'

Milaka lagun atera dira kalera gaur Bartzelonan, erreferenduma babestera. Josep Guardiolak irakurri du ekitaldiko agiria; galdeketa aurrera eramateko laguntza eskatu dio nazioarteari.

Josep Guardiolak irakurri du ekitaldiko agiria. EFE
Josep Guardiolak irakurri du ekitaldiko agiria. EFE
Erreferendumean bozkatzeko mobilizaziorako deia egin du Guardiolak

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Guardiolak "erreferendumean botoa emateko deia egin die kataluniarrei, etorkizuna erabakitzeko, Estatu espainiarrak nahi ez duen arren". Bartzelona futbol taldearen entrenatzaile ohia da Guardiola, eta Manchester City taldea entrenatzen du, gaur egun.

"Urriaren 1ean gure etorkizuna erabakitzeko erreferendumean bozkatuko dugula garbi esateko gaude hemen. Bozkatu egingo dugu, nahiz eta Estatu espainiarrak ez duen nahi", aldarrikatu du Guardiolak ANC, Omnium eta AMI erakundeek galdeketa babesteko Bartzelonan antolatutako ekitaldian, ‘Erreferenduma demokrazia da’ lelopean.

Guardiolak ekitaldiko agiri nagusia irakurri du, kataluniarrei Generalitateko Gobernuaren erronka babestea eskatzeko: "Gu guztiok alboan izango gaituela jakin behar du".

"Demokraziaren ahotsa bahitu nahi duten arren, inoiz baino gehiago joango gara bozkatzera, gure indar guztiarekin demokrazia eta gure ordezkariak defendatzeko", azpimarratu du.

Horrez gain, nazioarteko komunitateari ere laguntza eskatu dio. Izan ere, Europako eta munduko demokrata orori deia egin die Katalunian mehatxatuta dauden eskubideen alde egiteko: adierazpen politikorako askatasuna eta bozkatzeko eskubidea, hain zuzen. Estatu autoritarioaren "gehiegikeriei" aurre egitea ere eskatu du.

Bartzelonako teknikari ohiak ondoren gogoratu duenez, erreferenduma Espainiako Gobernuarekin adosten saiatu da Kataluniako Gobernua 18 aldiz, baina "erantzuna beti ezezkoa" izan da.

Estatu espainiarraren "mehatxua"

"Estatu espainiarrak eztabaida politikoa ere jazartzen du, eta demokrata guztiengana iritsi den mehatxua da, baita Gobernu kataluniarreko eta Parlamenteko kideengana ere.

Guardiolaren arabera, "inoiz ez da halakorik gertatu eta jasangaitza da demokratikoki". Hortaz, "demokrazia gehiagorekin" baino ezin dela konpondu azpimarratu du.

SCC erakundearen arabera, 24.500 pertsona bildu dira Bartzelonan

Societat Civil Catalana (SCC) erakundeak emandako datuen arabera, 24.500 pertsonak egin dute bat erreferendumaren alde Bartzelonan antolatutako ekitaldiarekin. Hainbat arlotako teknikoek egin dute lan, azaleraren dentsitatearen metodoan oinarritutako kalkulua egiteko. Era berean, airetik hartutako irudietan eta han bertan lanean ari den laguntzaile taldearen emaitzetan oinarrituta, Montjuiceko azaleraren okupazioa neurtzeko Kataluniako Kartografia Institutuaren metodo bat erabili dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniaren independentzia Albisteak