Politika -
Ekimena
Sarek '0KM' kanpaina aurkeztu du larunbat honetan
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azpimarratu duenez, aurrerantzean ere “presoen eskubideengatik lanean” jarraituko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira larunbat arratsalde honetan Donostian. Euskal presoen aldeko Sare ekimenak deituta, San Telmo plazan egindako elkarretaratzean “euskal presoak etxera ekartzeko eta larriki gaixo daudenak aske uzteko” exijitu dute. Ildo horretatik, presoen eskubideak errespetatu daitezen eskatu dute.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azpimarratu duenez, aurrerantzean ere “presoen eskubideengatik lanean” jarraituko dute. Hala, “mendekuan oinarritutako politikak alde batera utzi eta bizikidetza garatzeko ordua” dela nabarmendu du.
Halaber, oraindik lan asko egiteko dagoela esan du, eta 0KM kanpainaren helburu nagusia azaldu du: “Euskal Herriko presoak etxera ekartzea”.
Sareren hirugarren urteurrena dela baliatuta, egunean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Euskal Gizarteari bake eta konponbidearen parte aktibo izateko deia egin diote. Ireki dinamikak, berriz, manifestazio bat antolatu du Gasteizen, langileen ekarpena bilatuz.