Politika -
Bilera Moncloan
Rajoy eta Sanchez, Kataluniako auzian harreman iraunkorra izatearen alde
Bi politikarien iritziz, Katalunian urriaren 1ean egin nahi duten erreferenduma 'legez kanpokoa' eta 'burujabetza nazionalaren kontrako erasoa' da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako auzian "harreman iraunkorra" izatea adostu dute gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Gaurko bileran biak bat etorri dira Katalunian independentzia erreferendum bat egitea "onartezina" dela esaterakoan.
Hala adierazi du Moncloan egin duten bileraren amaieran Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak. Haren esanetan, bi ordu iraun duen bilera "adeitsua" izan da.
Bozeramaileak adierazi duenez, bi politikariak bat datoz "funtsezkoa" den horretan, alegia, Generalitateak urriaren 1ean egin nahi duen independentzia erreferenduma "legez kanpokoa" eta "burujabetza nazionalaren kontrako erasoa" dela.
Bestalde, Pedro Sanchezen izenean Margarita Robles PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak hitz egin du. Kataluniako Gobernuarekin "elkarrizketa bideak" zabaltzeko eskatu dio Pedro Sanchezek Mariano Rajoyri, eta egingo ez balu, sozialistek "ekimen legegileak" proposatuko dituzte.
Margarita Roblesek azaldu duenez, proposamena aztertuko duela erantzun dio Rajoyk Sanchezi. Dena den, Margarita Roblesek ez du ekimen legegile horiei buruzko xehetasunik eman nahi izan. Hala ere, Espainiako eta Kataluniako Gobernuek elkarrizketa bide bat zabaltzen ez badute, PSOEk oposizio "baliagarria" egingo duela azpimarratu du, ideiak eta konponbideak proposatuz.
Espainiako Konstituzioko 155. artikulua aplikatzearen aukeraz hitz egin ez badute ere, PSOEko zuzendaritzak ez ei du aukera hori babesten.