Politika -

Soziometroa

Egoera politikoaren balorazio positiboa egin dute, 10 urtean lehen aldiz

Inkestan parte hartu dutenen EAEko herritarren iritziz, lurraldeko arazo nagusiak lan merkatuari lotutakoak dira.

Maiatzaren 16 eta 22 bitartean egin zituzten galdeketak. Argazkia: EiTB
Maiatzaren 16 eta 22 bitartean egin zituzten galdeketak. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztaileko Soziometroan parte hartu dutenen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren % 54k uste dute lurraldeko egoera politikoa ona edo oso ona dela, gaur Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera. Egoera politikoaz gain, zahartzaroaz eta pentsioez galdetu diete herritarrei.

Egoera politikoari dagokionez, 10 urtean lehen aldiz EAEko egoera politikoa positiboa dela uste inkestan parte hartu dutenen erdiek baino gehiagok; aldiz, txarra edo oso txarra dela uste duten %36k. Espainiako egoera, ostera, oso txarra edo txarra dela uste dute hamarretik zortzik.

EAJ da begirune handiena eragiten duen alderdia (10etik 4,6), Elkarrekin Podemosen (3,5), EH Bilduren (3,4), PSE-EEren (3,3) eta PPren (1,5) aurretik. Alderdi guztien balorazioak, PPrenak izan ezik, hamarren batzuk jaitsi dira aurreko Soziometroarekiko.

Buruzagi politikoen balorazioari dagokionez, Iñigo Urkullu lehendakaria da 5etik gorako puntuazioa lortu duen bakarra (5,3) eta lehendakariaren atzetik gelditu dira, hurrenez hurren, Andoni Ortuzar (4,6), Arnaldo Otegi (3,8), Idoia Mendia (3,7), Nagua Alba (3,7) eta Alfonso Alonso (2,1). Guztien balorazioek behera egin dute apur bat, Nagua Albarenak izan ezik, hamarren bat igo baita.

Euren bizitzarekiko oso (% 28) edo nahikoa (% 56) pozik daude; eta Euskadiko egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela uste dute hamarretik ia zazpik (% 64).

EAEko arazo nagusien artean lan merkatuari lotutakoak ageri dira zerrendako lehen postuetan. Parte-hartzaileen % 72rentzat lana da kezka nagusiena, arazo ekonomikoen (% 14), egoera politikoa (% 11), etxebizitza eta etxegabetzeak (% 11), zerbitzu publikoen funtzionamendua eta hedadura eta laguntzak (%8) eta osasungintza (% 8).

2017ko maiatzaren 16a eta 22a bitartean egin zituzten galdeketak.

Parte hartzaileen % 82 kezkatuta daude pentsioen mantentzearekin

Euskal herritarren % 45 oso kezkatuta daude erretiro pentsioak mantentzearekin eta % 37 pixka bat kezkatuak, kezka handiagoa da erretiro adinera hurbiltzen ari diren adin tarteetan, hots, 45-64 urte bitartekoen artean oso kezkatuta ageri dira % 55, eta txikiagoa da gazteenen artean (% 31 dira oso kezkatuta daudenak).

Bi herenek uste dute erretiro adinean dauden pertsonek lan egiteari utzi behar diotela gazteei bidea uzteko (% 66) eta % 28 dira euren lanbideetan jarraitzeko aukera izan behar dutela uste dutenak.

Adinekoen zaintzari dagokionez, % 60k uste dute seme-alabek orokorrean gurasoak lehen baino okerrago zaintzen dituztela eta erdiek baino gehiagok nahiago dute euren etxean bizitzen jarraitu.

Bestalde, herritarrek pentsatzen dute pertsona nagusiek ezagutza eta esperientzia eskaintzen diotela gizarteari (% 63 oso ados eta % 30 nahikoa ados), eta laguntza handia direla familia gazteentzat. Alabaina, % 53ren iritziz pertsona nagusiek ez dute betetzen gizartean dagokien lekua, eta % 41ek uste dute gizarteak axolagabekeriaz tratatzen dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAE albisteak Alderdi politikoak berriak Gaurko azken ordukoa