Politika -
Bateragune
Gorenak atzera bota du Rafa Diezen zigorra murrizteko eskaera
LABen idazkari nagusi ohiak osorik beteko du sei urte eta erdiko zigorra, abuztuaren 18an amaituko dena.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohiari ezarri zioten kartzela zigorra murrizteko egindako eskaera.
El Duesoko espetxean dago preso Diez. Bateragune auzian zigortu zuten, eta sei urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten. Hala ere, abuztuaren 18an aterako da bertatik.
Larritasun txikiagoa duten terrorismo kasuetan zigorra murriztea ahalbidetzen duen 2015eko lege aldaketan oinarrituta egin zuen eskaera Diezek, baina Gorenak ukatu egin dio, indarkeria ekintzetan parte hartu ez arren, ETAren estrategiaren antolakuntzan protagonismo berezia izan zuela argudiatuz.
Epaimahaiko sei epaileetatik 5ek babestu dute zigorra osorik betetzeko ebazpena, eta boto partikularra eman du besteak, Diezen eskaerari onespena ematearen alde.
Boto partikularra eman duen epailearen arabera, Diezek ez du sekula indarkeria erabili bere jardun politikoan, eta, are gehiago, lagundu egin du borroka armatuaren sakonean dagoen arazoari irtenbide politikoa ematen.
LABeko idazkari nagusi ohiak osorik bete beharko du kartzela zigorra, El Duesoko kartzelan, abuztuaren 18ra arte.