Politika -
Auzitegi Nazionala
535 urteko zigorra Aretxabaleta eta Aramendiri, 2005eko atentatu batengatik
Madrilen, aurretik abisua emanda, furgoneta bat leherraraztea leporatzen diete. Eztandak entzumen kalteak egin zizkien poliziei eta kalean zeuden hainbat herritarri.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 535 urteko kartzela zigor bana ezarri die Liher Aretxabaleta (gaur Bilbon atxilotua) eta Alaitz Aramendi ETAko kideei, Madrilen 2005eko maiatzaren 25ean furgoneta bat leherrarazi izana egotzita. Eztandaren ondorioz, 45 pertsona zauritu zituzten, 14 polizia tartean.
Liher Aretxabaleta gaur atxilotu dute, Bilbon, Auzitegi Nazionalak aginduta, ebazpena betetze aldera. Alaitz Aramendi, berriz, Frantziako Estatuan dago preso.
Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman du ETAko bi kide horiek auto bat lapurtu zutela El Escorialen, lehergaiz bete eta Madrilen atentatua egiteko. Gero, autoa San Blas barrutiko kale batean aparkatu eta leherrarazi zuten, "ahalik eta kalte material handiena egiteko eta inguruan zeuden pertsonak hiltzeko edo zauritzeko".
Maiatzaren 25ean, 08:45ean, gizonezko batek Gara egunkariaren Donostiako egoitzara deitu zuen ETAren izenean, eta 09:30ean aipatu lekuan, Madrilen, furgoneta batek eztanda egingo zuela ohartarazi.
Aurreikusitako orduan, furgoneta lehertu egin zen, eta hainbat pertsona zauritu ziren. Gehienbat entzumenean izan zituzten kalteak hainbat poliziak eta kalean zeuden beste herritar batzuek.