Politika -
Industria
Iriartek Jaurlaritzaren kudeaketari egotzi dio industrian enpleguak galtzea
Maddalen Iriarteren aburuz, Eusko Jaurlaritzaren industria politikak 'okerrak' dira eta 'ez dute herri ikuspegirik'.
Agentziak | Erredakzioa
Maddalen Iriarte EH Bilduko parlamentariak gaur adierazi duenez, industria sektorean hainbat lagun "lanik gabe geratzeko arriskuan daude, hein handi batean, Urkullu lehendakariaren Gobernuaren kudeaketa txarragatik".
Bermeon egindako adierazpenetan Iriartek honakoa ohartarazi dio EAJri: "Ez dadila inor erratu, eta ez ditzala inork bere akatsak eta bere frustrazioak oposizioko lehen indarrari kritika eginez estali nahi izan", Javier Telleria parlamentari jeltzaleak esandakoei erreferentzia eginez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako plan industrialari buruz EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazitakoek"errazkerian eta arinkerian oinarritutako kritika hutsalak" zirela iritzi zion Telleriak, eta zaildu egiten zutela krisi uneetan dauden enpresentzat konponbideak bilatzea.
Iriarteren esanetan, "oso adierazgarria" da EAJren industria politika babesten duten bakarrak Alderdi Sozilista eta Alderdi Popularra izatea, "Madrilgo ikuspegitik begiratzen duten bi alderdi", gaineratu du.
"Mesede eskasa egiten die EAJk gure herritarrei, bere politikak txalotzen dituzten alderdien epizentroa Madrilen dagoenean, eta zeinen helburu behinena ez den gure industria sarea indartzea".
Iriarteren aburuz, Eusko Jaurlaritzaren industria politikak "okerrak" dira eta "ez dute herri ikuspegirik".
"Adierazpen hutsalez harago, lanean ari gara aginte politiko, ekonomiko, sozial eta sindikalekin herri honentzako industria politika berria eraikitzeko", erantsi du Iriartek.