Politika -

Katalunia

6.150 euro bideratu dituen argitzeko eskatu dio Ogasunak Generalitateari

Espainiako Gobernuak jakin nahi du diru hori erreferenduma antolatzeko erabiliko den ala ez. Kataluniako Gobernuak ohiko gastua dela esanez erantzun du.

Carles Puigdemontek urriaren 1eko erreferenduma iragarri zuen agerraldia. Argazkia: EFE
Carles Puigdemontek urriaren 1eko erreferenduma iragarri zuen agerraldia. Argazkia: EFE
Carles Puigdemontek urriaren 1eko erreferenduma iragarri zuen agerraldia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Ogasun Ministerioak 24 orduko epea eman dio Kataluniako Generalitateari erreferenduma antolatzeko 6.150 euro bideratu dituen argitu dezan. Azalpenik eman ezean, ondorio administratiboak edo penalak izan daitezkeela ohartarazi dio gainera.

Jose Enrique Fernandez de Moya Ogasuneko Estatu idazkariak gutuna igorri dio gaur Rosa Vidal Planella Kataluniako Gobernuko kontu-hartzaile nagusiari. Aipatu gastua uztailaren 13an antzeman zuten eta orduz geroztik bi gutun bidali dizkio, lehendabiziko joan den asteartean eta bigarrena gaur.

Rosa Vidalek dagoeneko erantzun dio eta argitu du 6.150 euroko gastuak ez duela zerikusirik erreferendumarekin.

EFE berri-agentziak Generalitateko Ekonomia departamentuko iturriak aipatuta zabaldu duenez, diru hori hauteskunde prozesuetan Kataluniako Telekomunikazio Zentroarekin egin ohi den lan kontratu batekin lotuta dago.

Generalitatetik diotenez, azken hileotan areagotu egin dira Ogasun Ministeriotik azalpen eske jaso dituzten gutunak.

Orain arte azalpen horiek hilen behin eman behar izaten zituen, baina joan den ostiraleko ministroen bileran, Espainiako Gobernuak Kataluniako kontuen gaineko kontrola zorroztea erabaki zuen, eta, ondorioz, aurrerantzean azalpenak astero eman beharko ditu Generalitateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Albisteak