Politika -
Kepa del Hoyoren heriotza
Otegiren ustez, Urkulluk presoei buruz esandakoak 'lekuz kanpo' daude
Presoen auzia konpontzeko "bidaia orria" adosteko mahai bat eratzea eskatu die indar politiko, sozial eta sindikalei.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, Iñigo Urkulluk berriki presoen inguruan esandakoak "ausarkeria dira eta lekuz kanpo daude". Presoen egoera ezker abertzaleari egotzi zion lehendakariak, Azpeitian asteartean egindako adierazpenetan.
Lehendakariaren berbak izan ditu ahotan Otegik gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Kepa del Hoyoren heriotzaren harira, galdera egin zion Urkulluk ezker abertzaleari: "Zer egin du azken 25 urteotan presoak Euskal Herrira hurbiltzeko?". Hala, ezker abertzaleari egotzi zion presoek espetxe onurak lortu ez izana.
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritzian, "lehendakariak hanka sartu zuen gogoeta hori eginda. Presoen egoera ezker abertzalearen erantzukizuna dela esatea lekuz kanpo dago, are gehiago gauden egoera dramatikoan, preso bat hil berritan".
Otegiren ustez, Urkullu "herri baten buru den aldetik, herritar horren erantzule" ere bada. Nabarmendu duenez, lehendakariak "arazoa du, gauza askorekin obsesionatuta dagoelako. Obsesioa du gehiengo sindikalarekin, ezker abertzalearekin, ezker soberanistarekin... eta ez da gai erantzukizunak bere gain hartzeko".
"Gaur egun, lehendakariaren gobernuak sostengatzen du PPren gobernua, eta hori onartu beharra dauka Urkulluk", esan du Otegik. "Horri ondo baderitzo, defendatu beharra dauka; ez du balio erantzukizunei aurre ez egitea eta erantzukizuna besteei egoztea", erantsi du.
"Ez da berezko heriotza izan"
Kepa del Hoyo preso galdakoztarraren heriotzaren harira, "berezko heriotza" izan izana baztertu du Otegik. "46 urteko euskal herritar bat, 30 urteko zigorretik 20 urte bete dituena, bere etxetik 700 kilometrora hiltzea, espetxean dagoen osasun arreta kaskarrarekin, ez da berez hiltzea. Lotsagabekeria da hori esatea, Estatuari baitagokio presoen bizia eta osasuna babestea", adierazi du.
Otegiren esanetan, "ETAk bere jardun armatua utzi zuenetik hainbat urte igaro direnean, ez da normala zigorraren bi herenak beteta dituen jendea kartzelan egotea. Hori ez da naturala; zorigaiztoko estrategia baten ondorio da, eta herri honetako indar politiko, sozial eta sindikalak lanean hasi behar gara arazo hori konpontzeko".
Hori horrela, presoen auzia konpontzeko "bidaia orria" zehazteko deia egin die Euskal Herriko indar guztiei: "Sen ona nagusitu behar da. Etorkizuna printzipio eraikitzaileen bidez eta bake eta bizikidetza klabean eraiki nahi duen orori egiten diot deia. Bada garaia mahai baten inguruan biltzekoa".