Politika -
protesta
Ehunka gazteren manifestazioa Gasteizen, eredu sozial berri baten alde
Ernaik antolatuta, Arabako hiriburua zeharkatu dute, lan prekarietatearen aurka, besteak beste.
agentziak | erredakzioa
Ehunka pertsonak, gehienak gazteak, manifestazioa egin dute Gasteizen, Ernaik deituta, gizarte eredu berri baten alde.
Lur Albizu Ernairen bozeramaileak manifestazioaren aurretik azaldu duenez, gaurko eta Gernikan hilaren 17an egingo duten manifestazioak, eta egun berean Donostian egingo dutenak desberdinak dira. Lehenengo bietan gizarte ereduaren aldaketa da aldarrikapen nagusia, eta Donostiakoa turismo ereduaren aurkakoa izango da.
Kazetariei azaldu die Gasteizko eta Gernikako mobilizazioetan EAJk, PSEk eta PPk sustatzen duten gizarte ereduaren aurka egingo dutela protesta, "Euskal Herriko postalaren atzean beste herri bat" dagoela utzi nahi baitute agerian.
Horren harira, euskal gaztediak lan prekarietatea eta etxebizitza lortzeko zailtasunak dituztela salatu du.
Parte-hartzaileek manifestazioaren aurrealdean zeramaten pankartan hauxe irakur zitekeen: "Herria bizirik. Antolakuntza. Independentzia. Sozialismoa. Feminismoa. Postalen atzean bagara".