Politika -
Bateragune auzia
Rafa Diezen aldeko ekitaldiak baimendu ditu Auzitegi Nazionalak
Fernando Andreu epaileak azaldu duenez, ez dago “inon jasota” ostegun honetarako deitutako ekitaldietan deliturik izango denik.
Agentziak | Erredakzioa
Rafa Diezen alde ostegun honetarako deitutako ekitaldiak baimendu ditu Auzitegi Nazionalak. Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak adierazi du ez dagoela “inon jasota” ekitaldi horietan delitu ekintzarik egingo denik. LABen idazkari nagusi ohia bihar bertan geratuko da libre, eta Santoñako El Dueso kartzelaren kanpoaldean egingo diote omenaldia.
Gauzak horrela, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Plataformak (APAVT) Rafa Diezen aldeko ekitaldiak debekatzeko egindako eskaera artxibatzea erabaki du Auzitegi Nazionaleko epaileak. Diezen senide eta lagunek bi ekitaldi egingo dituzte: batetik, El Dueso (Kantabria) kartzelaren kanpoaldean, eta, bestetik, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Okendo plazan, 19:30ean. Gainera, LAB sindikatuak "adierazpen askatasunaren alde eta euskal preso guztiak etxeratzearen aldeko" elkarretaratze bat antolatu du Muskizen (Bizkaia), 11:45ean.
Auzitegi Nazionaleko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak dio Eusko Jaurlaritzako Barne Kontseilaritzak duela ostegun honetan egitekoak diren ekitaldi horiek legea errespetatzen duten aztertzeko ardura. Ildo horretatik, soilik arau urraketa bat egin ostean ezarri daiteke zigor penala; ez aurretik.
Jurisdikzio penalaren arabera, ekintza penalak egin aurretik ezin da zigorrik jarri, eta hala izango balitz, gero jarraitu eta zigortu behar da, bestela izanda pertsonak orok dituen eskubideen murrizketa suposatuko lukeelako.
Ez da inon ageri deliturik egingo denik
Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen esanetan, ez dago arrazoirik Rafa Diezen aldeko ekitaldietan “ordena publikoaren nahasmendua” eragingo denik pentsatzeko inolako arrazoirik, eta bilera baketsuak egiteko eskubidearen barruan kokatu ditu ekitaldi horiek.
“Kasu honetan ez dago inon jasota ekitaldi horietan deliturik egingo dela baieztatu dezakeenik”, esan du Andreu epaileak, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Plataformak jarritako eskaerari erantzunez.
Goizean bertan, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak Rafa Diez Usabiagaren alde Santoñako El Dueso kartzelaren kanpoaldean bihar 08:00etan egitekoa zen ekitaldia galarazi du. Elkarretaratzea horren moduko ekitaldien berri emateko zehaztuta dagoen epea ez errespetatzearren debekatu dute.