Politika -
Erreferenduma Katalunian
Eurodiputatu katalanek 'EL Vallenc'-eko miaketari buruz galdetu diote EBri
Guardia Zibilak aste honetan egindako miaketa horiek prentsa eta adierazpen askatasuna babesten dituzten artikuluen kontra doazela diote.
Agentziak | Erredakzioa
El Vallenc astekariak Valls herrian (Tarragona) duen egoitzan Guardia Zibilak egindako miaketaren inguruko galdera bat igorri diote ERC alderdiko bi eurodiputatuk (Jordi Sole eta Josep Maria Terricabras) eta PDeCATeko beste ordezkari batek (Ramon Tremosa) Europar Batzordeari (EB). Era berean, Jean-Claude Juncker EBko presidenteari eta Frens Timmermans presidenteordeari zuzendutako gutun bat idatzi dute.
ERCk igande honetan kaleratutako ohar batean azaldu duenez, Espainiako Fiskaltzak "Kataluniako Gobernuari eta urriaren 1eko erreferendumari babesa eman dioten 700 alkate baino gehiagori mehatxu" egin diela jakinarazi diote Europar Batzordeko presidenteari.
Era berean, erreferendumaren inguruko iragarkiak zabaldu dituzten hedabideek Espainiako Fiskaltzaren partetik "mehatxuak" jaso dituztela salatu dute Kataluniako eurodiputatuek. Halaber, Kataluniako etorkizuna erabakitzeko galdeketarekin lotura duten webgune guztiak itxi nahi dituela salatu dute.
Arrazoi horregatik, aste honetan Guardia Zibilak El Vallenc astekariaren lokal zahar batean eta Constanti udalerrian dagoen inprimategi batean egindako miaketen inguruan balorazio bat egitea eskatu diote Europar Batzordeari.
Eurodiputatu horien arabera, Guardia Zibilak egindako miaketek ez dituzte errespetatzen prentsa eta adierazpen askatasuna babesten dituzten "Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 10 eta 11. artikuluak eta Europar Batasuneko Itunaren 2. artikulua".