Politika -

Katalunia

Gironako udal enpresa bat miatu dute, iruzurraren kontrako operazio batean

Carles Puigdemont hiriko alkate zen garaian ur zerbitzuaren esleipen batzuk legez kanpokoak izan ote ziren ikertzen ari da Gironako epaitegi bat.

Miaketen uneetako bat. EiTB
Miaketak Gironan. EiTB
Guardia Zibilak mezularitza-enpresa bat miatu du Terrassan, U-1agatik

1:12

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gironako ur zerbitzuko udal enpresan, Agissa izenekoan, 15 miaketa egin ditu gaur Guardia Zibilak, iruzurraren kontrako operazio baten harira. Gironako epaitegi batek ikerketa abiatu du, Carles Puigdemont egungo Kataluniako presidentea Gironako alkate zen garaian egindako esleipen batzuen kontura. Miaketak bai, baina atxiloketarik ez da espero, ikerketaren iturriek zehaztu dutenez.

Agenteak 09:20 aldera sartu dira Gironako udaletxean, eta Agissarekin lotutako dokumentazioa eskatu dute. Gerora, enpresa horretako zuzendari eta zuzendari ohien etxeetan egin dituzte miaketak.

Gironako 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak agindu ditu miaketok, % 3ko auzia argitzeko omen den beste ikerketa batekin lotuta.

Ikerketak Agissa enpresaren kudeaketa du jomuga, eta esleipen batzuetan iruzurra eta administrazio desleiala egin ote zituzten ebatzi nahi du epaileak. Besteak beste, Puigdemont alkate zela, 2013an, ur hornidura berritzeko kontratua ikertzen ari dira.

"Operazioak independentzia prozesuarekin du zerikusia"

Bestelakoa izan da Marta Madrenas Gironako alkateak emandako informazioa. Horrek gogora ekarri duenez, Carles Puigdemontek berak eskatu zituen ur zerbitzuko enpresa horren kontu-ikuskaritzak bera alkate zenean.

Gironako alkateak salatu duenez, "operazioak independentzia prozesuarekin eta urriaren 1eko erreferendumarekin du zerikusia".

Madrenasen esanetan, Guardia Zibilak 1992. urteari dagokion dokumentazioa eskatu die, eta garai hartan Joaquim Nadal sozialista zen alkate.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Iruzurrak berriak Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès albisteak