Politika -

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Mossoek esku hartu behar izan dute guardia zibilak miaketa batetik irteteko

40.000 bat pertsona bildu dira atzo arratsaldean ANCk deitutako protestan. Ostegunerako, beste bilkura bat deitu dute 12:00etarako.

Guardia Zibilaren autoetako bat, Ekonomia Kontseilaritzaren ondoan. Argazkia: EFE
Mossoek esku hartu dute Guardia Zibilaren irteera ahalbidetzeko

3:07

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoek esku hartu behar izan dute gaur, osteguna, goizaldean, Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean bilduta zegoen manifestari talde bat desegiteko, guardia zibilak eta epaitegiko taldea egoitzatik irten ahal izateko, asteazken goizetik, 08:00etatik, bertan miaketa egiten egon ostean.

Zenbait bultzada eta oldarraldi izan eta gero, Mossoek segurtasun eremu bat egin dute 01:30 inguruan, Kontseilaritzaren eta Kataluniako Ramblaren artean, Guardia Zibilaren hiru autoak aparkatuta zeuden lekura heltzeko. Manifestari batzuek autoak apurtu dituzte.

Mossoen agenteek megafonia bidez ohartarazi diete manifestariei lekua egin behar zutela aipatutako kaleen artean, Bartzelona erdigunean. Protestari batzuk lurrean jesarri dira.

Hala, manifestari batzuek oihu eta beste batzuek lasaitasunerako deia egin dute, protesta baketsua egiteko, eta agenteak kalera atera dira.

Poliziak esku hartu baino lehen, Ekonomia Kontseilaritzako langileek eraikinetik irten ahal izan dute azkenean, eta kalean bildutakoek oihu artean hartu dituzte, ANCren boluntarioek egindako pasabide batetik igarotzen ari zirela.

Poliziak ekin dionean, manifestari gehienak joanda zeuden, eta ehunka batzuk baino ez ziren geratzen, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Culturaleko ordezkariek, hurrenez hurren, bilkura bukatutzat eman eta gero. 40.000 pertsona bildu dira protestan, Udaltzaingoaren arabera.

Inguruan zegoen Guardia Zibilaren auto baten gainetik, elkarretaratze berri baterako deia egin dute biek gaurko, 12:00etan, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Bartzelona albisteak Kataluniaren independentzia Gaurko azken orduko albistea