Politika -
Proposamena
EAEk partekatutako subiranotasuna izatea proposatu du Elkarrekin Podemosek
Espainia estatu federala edo konfederala bihurtzearen alde agertu da koalizioa. Hala, EAE nazio eta hizkuntza anitzeko estatu baten parte izatea babestu du.
Agentziak | Erredakzioa
Espainia estatu federala edo konfederala bihurtu eta Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) partekatutako subiranotasuna izatea proposatu du larunbat honetan Elkarrekin Podemos koalizioak. Hala, EAE nazio eta hizkuntza anitzeko estatu baten parte izatea babestu du, baina horren subiranotasun partekatua aitortuz.
Elkarrekin Podemosek Estatutu berri baten proposamena aurkeztu du gaur Bilbon. Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusia, Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaile orokorra eta Ramon Sanchez Equoko bozeramailea izan dira ekitaldi horretan.
Koalizioak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu ponentzian aurkeztuko du txosten hori, baina momentuz ez du argi uzten Espainia estatu federala edo konfederala bihurtzeko asmoa duten. Txosten horren egileek ekitaldia hasi aurretik kazetariei azaldu dietenez, ez dira hitz jakin batekin tematu nahi.
"Espainiarekin eta Europarekin partekatutako subiranotasuna lortu nahi dugu Euskadirentzat, eta, horri, federalismo edo konfederalismo deitzen zaion gutxienekoa da guretzat", azpimarratu dute.
Elkarrekin Podemosek sinatutako txosten horrek Kontzertu Ekonomikoaren aldeko babesa egiten du. Era berean, Senatua "eraldatu" eta lurraldeen ordezkariak biltzen dituen benetako ganbera bat bihurtzeko proposamena jasotzen du. Gainera, gizarte aurreikuspeneko sistemekin lotutako zerbitzuak aldebikotasunez kudeatzea eskatzen du.
Espainia nazio anitzeko estatu gisa bihurtzeko proposamenari dagokionez, "atxikimendu askearen oinarri demokratikoa abiapuntu izanik; herri, nazio eta komunitate ezberdinek bizikidetzarako duten nahia erabakitzeko aukera desberdinak" aztertzea proposatu dute.
Hala, "estatu osoan zehar erakundeak, administrazioak eta bestelako ekipamenduak banatuz eta botere politikoa, ekonomikoa eta administratiboa deszentralizatuz lurraldearen egitura berria" lortuko lukete.
Bestalde, erabakitzeko eskubideari dagokionez, Elkarrekin Podemosek funtsezkotzat hartu du eskubide hori eta "banatzeko eskubidea" bereiztea. Ildo horretatik, 1998an Quebecen (Kanada) egindako independentziari buruzko erreferenduma aipatu du adibide gisa.