Politika -
Zaventem (Flandria)
Espainiar bat atxilotu dute Belgikan, ISISen talde baten burua delakoan
Poliziaren arabera, nazioartean organizaziorako kide berriak erakarri, doktrinatu eta errekrutatzen zituen talde baten burua da.
agentziak | erredakzioa
Segurtasun indarrek 26 urteko espainiar bat atxilotu dute gaur, asteazkena, Belgikan, Zaventem herrian (Flandria), ISISen kide izatea egotzita. Gizonezkoak (marokoar jatorrikoa) kide berriak erakarri eta doktrinatzen zituen, Barne Ministerioaren arabera.
Atxilotua, ikertzaileek diotenez, "adar belgikarra" deitutakoaren goian zegoen. Taldeak kide berriak erakarri, doktrinatu eta errekrutatzen zituen ISIS erakunde terroristarako.
Belgikako segurtasun indarrek atxilotu dute ustezko terrorista, Polizia Nazionalaren Informaziorako Bulego Nagusiak abiatutako operazioan. Antza, taldea birritan saiatu da Siriara eta Irakera joaten, baina, porrot egin ostean, ekintza terroristak Europan (Belgikan, bereziki) egitea erabaki zuen, eta helburu zehatzak hautatu ere egin zituzten.
Hura aurkitu eta atxilotzeko agindua zegoen Europa mailan, Auzitegi Nazionaleko 5 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralak emanda, jihadisten terrorismoaren aurkako borrokaren baitan.
Barne Ministerioaren hitzetan, atxilotua "2014an Belgikan erradikalizazio prozesua hasi zuen talde baten azken kidea zen. Taldea bost pertsonak osatzen zuten, horietako hiru Espainian atxilotu zituzten eta bestea Marokon".
Atxilotuen artean, horren anaia txikia zegoen; 2015eko urrian atzeman zuten, Estatu Islamikoaren kide izatea leporatuta. Gainera, beste bi kideak aurtengo maiatzaren 8an atxilotu zituzten Badalonan (Bartzelona) eta Saloun (Tarragona).
Haien bileretan, Barne Ministerioak dioenez, "bideoak partekatzen zituzten, eta, horietan, kamikazeen operazioak, exekuzioen irudiak eta Europan ekintza terroristak egiteko deiak zabaltzen zituzten".