Politika -
Ekitaldi instituzionala
Gursen erbesteratuek askatasunaren alde egindako borroka gogoratu dute
Urkulluk esan du 1939ko ekainaren eta 1940 hasiera artean Espainiako Gerra Zibileko 18.000 erbesteratu baino gehiago sartu zituztela Gursen (Frantzia).
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak Espainiako Gerra Zibilaren ostean Gurseko (Frantzia) kontzentrazio-esparruan sartuta egon ziren 6.500 euskal herritarrek askatasunaren eta demokraziaren alde egindako borroka gogoratu dute larunbat honetan.
Urkullu eta Barkos ekitaldi instituzionaleko buru izan dira, Frantziako hego-mendebaldeko herrian, kontzentrazio-eremua zegoen tokian. 1939 eta 1945 bitartean, 60.000 pertsona izan ziren bertan.
Gurseko esparrua 1939an eraiki zuten Frantziako agintariek, Espainiako borrokalari errepublikanoak hartzeko asmoz, baina 1940tik aurrera, bigarren Mundu Gerran, kontzentrazio-eremu moduan erabili zuten, eta 3.907 pertsona eraman zituzten bertatik Auschwitzera.
Lore-eskaintzak izan dituen ekitaldian, Alain Rousset Akitania Berriko eskualdeko presidentea izan da, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta Nafarroako Gobernuko kontseilariekin batera, eta ordezkari instituzional, politiko eta sozial gehiago ere izan dira.
Hitzaldian, Urkulluk esan du gogorapen honek “gaur egun esanahi sakona” duela, “Gursen egon zirenek jasandakoa eta gerratik ihes egiten duten errefuxiatuek sufritutakoa eta Europako mugetan dagoen bidegabekeria oso antzekoak direlako”.
Urkulluk esan du 1939ko ekainaren eta 1940. urtearen hasiera bitartean Espainiako Gerra Zibileko 18.000 erbesteratu baino gehiago sartu zituztela Gursen (Frantzia), eta horien herena Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik eta Nafarroatik joan ziren.
Gurseko eremua 1945eko abenduaren 31n itxi zuten, eta, ondoren, barrakoiak suntsitu zituzten eta zuhaitzak jarri zituzten eremuak hartzen zituen 80 hektareatan.