Politika -
Katalunia
Konstituzioaren erreforma aztertzeko moduko bidea da, Planetaren ustez
Egoitza sozialaren lekualdatzea, “gaur-gaurkoz“, behin betikoa da, baina etorkizunean berriz aztertu daiteke, presidenteak azaldu duenez. Planeta saria Bartzelonan banatzeari eutsiko diote.
Agentziak | Erredakzioa
Josep Creuheras Planeta Taldeko presidenteak elkarrizketaren alde egin du larunbat honetan Kataluniako egoera politikoa konpontzeko. Horri lotura, Konstituzioaren balizko erreforma baten proposamena “aztertzeko moduko” bide bat dela adierazi du.
Igandean egingo duten LXVI. Planeta Saria aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Creuherasek. Bertan, argitaletxeko buruak esan du egungo gizartea ‘’demokratikoki indartsua” dela eta “elkarrizketa” eskatu du, “legearekiko errespetuarekin eta legean oinarrituta”.
Agerraldi horretan baieztatu egin du ostegunean burutu zutela taldearen egoitza sozialaren lekualdatzea Madrilera eta, gaur-gaurkoz, erabakia “behin betikoa” dela. Edonola ere, gaineratu du egoera politiko berriek erabaki hori alda lezaketela.
‘’Erabakia mingarria da, gu Bartzelonako, Kataluniako, Espainiako eta Europako parte garelako”, adierazi du, eta berretsi egin du asmoa dela langileek Bartzelonan jarraitzea; hala ere, ez du baztertu lantokietan aldaketaren bat egitea, kontuan izanda aurrerantzean erabakiak Madrilen hartuko dituztela.
Planeta Saria
"Planeta Saria Bartzelonan banatzen jarraitzeko asmoa daukagu”, baieztatu du Creuherasek. ”Lehen hiru edizioak Madrilen egin ziren eta ondoren Bartzelonara eraman genuen. Gure asmoa da horri eustea”, gaineratu du.