Politika -

Katalunia

Urkullu: Erreferenduma adostea da proposamen eraginkor bakarra Katalunian

Lehendakariak berretsi du konponbidea soilik "aurreiritzirik gabeko elkarrizketa" baten bidez etorriko dela, "errealismoa, legezkotasuna, zilegitasuna eta demokrazia" uztartuta.

Urkullu, gaur, Legebiltzarrean egindako hitzaldian. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak argi du 155. artikuluak ez duela onurarik ekarriko

1:07

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "driblin laburrak eginez batak besteari irabazteari uko egitea" eskatu die Espainiako Gobernuari eta Kataluniakoari, eta krisia elkarrizketaren bidez bideratzeko, baina hori "epe luzean" bakarrik etorriko da, erreferenduma "adostuta eta itunduta".

Hala erantzun die lehendakariak Pello Urizar eta Lander Martinez EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek, hurrenez hurren, kontrol saioan egindako galderei.

Urkulluk ohartarazi duenez, Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak "ondorioak aztertu" behar dituzte "itzulerarik gabeko erabakiak" hartu aurretik, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu aurretik, esaterako; izan ere, "gauza jakina da nola hasiko den baina ez nola amaituko den".

Hori dela eta, konponbidea soilik "aurreiritzirik gabeko elkarrizketa" baten bidez etorriko dela berretsi du, "errealismoa, legezkotasuna, zilegitasuna eta demokrazia" uztartuta.

Hori da Euskadik "euskal bidea" bultzatuz hartu nahi duen bidea, aldebikotasunean oinarrituta, gaineratu du. Urkulluren ustez, bide hori "erreferentea" izan liteke beste leku batzuetan, baita Katalunian ere.

155. artikulua aplikatzeak, lehendakariaren esanetan, "gizartearen eta erakundeen arteko haustura areagotuko du", eta, ondorioz, "ez du zentzurik egoera okertuko duten erabakiak hartzea", gehienbat, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak elkarrizketaren alde egin eta independentzia aldarrikatu ez zela argi utzi duela kontuan hartuta.

Halaber, Urkulluk baieztatu du gaur egun erreferendum adostua egiteko aukera gutxi daudela, baina "epe luzera proposamen eraginkor bakarra" izango da, azpimarratu du.

"Itunaren alde egiten dut, inposizioaren aurrean. Uko egin diezaiogun batak besteari driblin laburrak eginez irabazteari, ez baitago elkarrizketaren bidez baino konponbide egokiagorik. Distentsiorako eta elkarrizketarako deia egiten dut berriz. Badago denbora itzulerarik gabeko erabakiak hartu baino lehen", gaineratu du.

Balizko bitartekariei dagokienez, Urkulluk azaldu du "bi aldeek baldintzarik eta inposiziorik gabe akordioa adosteko borondatea" duten argitzea dela garrantzitsuena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Iñigo Urkullu Kataluniako erreferenduma Eusko Legebiltzarra bideoak Gaurko azken ordukoa