Politika -

Bisita ofiziala

Urkullu Quebecera joango da bidaia ofizialean, urriaren 30ean

'Lehentasunezko bazkidea' da herrialdea. Bisita 'ekonomikoa, instituzionala eta kulturala' izango da. Lehen ministroarekin bildu, eta euskal enpresekin eta komunitatearekin egongo da.

Iñigo Urkullu / EFE.
Iñigo Urkullu / EFE.
Iñigo Urkullu / EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Quebec bisitatuko du bidaia ofizialean, urriaren 30etik azaroaren 3ra, batzar instituzionalak izateko, nazioartera zabaldutako euskal enpresak bisitatzeko, bi hitzaldi emateko eta euskal komunitatearekin biltzeko, euskal balea-arrantzaleek inguru horretan utzitako ondarearekiko hurbilketa egiteko aprobetxatuz.

Philippe Couillard lehen ministroarekin bilduko da, eta lankidetza-memoranduma sinatuko dute. Parlamentuko kideekin eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientziako ministroarekin ere batzartuko da.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi duenez, Quebec "lehentasunezko bazkidea da, kultura eta hizkuntz aniztasunaren babesagatik, berrikuntzagatik eta ingurumenarekiko konpromisoagatik".

Jaurlaritzarentzat, Kanadako probintzia eredugarria da "legezkotasun eta demokrazia printzipioak kontziliatzen", erreferendumak antolatu behar izan dituzten bakoitzean erakutsi dutenez.

Quebecek ingurumenean egiten duen lana goraipatu du Erkorekak, "batez ere aldaketa klimatikoaren inguruan". Arlo ekonomikoan, Eusko Jaurlaritzak Quebec eta EAE Kanadako eta Europako merkatuen arteko zubiak izatea nahi du.

Urkullurekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia joango dira Ameriketara. Legegintzaldiko bosgarren bidaia da, Erroman, Auschwitzen, Bruselan eta Bogotan egon ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Kanada albisteak