Politika -

Alegazioak, Senatuan

155. artikuluaren mugak gainditzea egotzi dio Generalitateak Moncloari

Generalitatearen abokatuaren esanetan, Ministro Bileran onartu zituzten neurriak Kataluniako Gobernuak prozesu independentistarekin lotuta egindako ekintzez harago doaz.

Puigdemont, Junqueras eta Turull, Palaun. Artxiboa: EFE
Puigdemont, Junqueras eta Turull, Palaun. Artxiboa: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generalitateak Konstituzioaren 155. artikuluaren mugak "justifikaziorik gabe erabat gainditzea" egotzi dio Espainiako Gobernuari, Kataluniako Gobernuak prozesu independentistarekin lotuta egindako ekintzez harago doazelako.

Hala adierazi du Kataluniako Gobernuak 155.aren aurka Senatura igorritako alegazioetan.

Generalitatearen arabera, Espainiako Gobernuak hartu eta Senatuak eztabaidatuko dituzten erabakiek, 155a aplikatzeko, "funtzio nagusiak kentzen dizkiete Generalitatearen erakundeei".

Adibidez, aipatu dutenez, Mariano Rajoyk Kataluniako Parlamentua desegin ahal izango du, hauteskundeak deitu, Generalitateko presidentea kargutik kendu eta Parlamentuko ahalmena mugatu. Gainera, Estatuari "Generalitatearen, bere osotasunean, zuzendaritza politikoa" bere gain hartzeko aukera emango zaio.

Hori dela eta, Senatuak neurriak onartuz gero, horiek "inposatuko lituzke, justifikaziorik gabe eta gehiegikeriaz", Gobernuak 155.a aktibatu baino lehen Generalitateari egin zion eskakizunarekin alderatuta.

Era berean, "desoreka" eta proportzionaltasun falta "garbia dago", aipatutako eskakizunaren eta "Generalitatearen erakundeen sistemari inposatutako aldaketen" artean.

Hortaz, Kataluniako Gobernuaren iritzian, "Konstituzioaren 155. artikulua urratu da", argi eta garbi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Espainiako Gobernua Espainia bideoak Albisteak