Politika -

Cataluña

155.aren helburua Katalunia 'erreskatatzea' dela esan du Santamariak

Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpen "mailakatua" egingo du, Senatuak onartu egin baitu PSOEk helburu horrekin aurkeztutako zuzenketa.

Soraya Saenz de Santamariaren agerraldia
Soraya Saenz de Santamariaren agerraldia
Saenz de Santamariak 155. artikuluaren aplikazioa defendatu du Senatuan

AGENTZIAK | ERREDAZKIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpen "mailakatua" egingo du Katalunian, Senatuak onartu egin baitu PSOEk helburu horrekin aurkeztutako zuzenketa.

Saenz de Santamaria

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordeak Katalunia "legez kanpo" jarri nahi dutenen eskuetatik "erreskatatzea" defendatu du.

Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko akordioaren inguruan Senatuan egin duten eztabaidan azaldu duenez, independentistek "historiako Katalunia onena lurperatu dute".

Azpimarratu du ezin dela Katalunia hori "ahaztu". "Erreskatatu egin behar dugu, batzuk legez kanpo jartzen tematu arren", gaineratu du.

PP

Jose Manuel Barreiro PPk Senatuan duen bozeramaileak ohartarazi du ezin dela Katalunian Konstituzioarekiko leialtasunik eza denbora gehiagoz ahalbidetu, eta esan du beharrezkoa dela 155. artikulua aplikatzea, leiala dela Espainiarekiko, eta zuzenbidera egokitua dagoela.

Barreirok esan du une historikoa dela, eta inork ezin duela ulertu Generalitateak Zuzenbideko Estatuari dion "leialtasun eza".

Era berean, independentisten "biktimismoa" kritikatu du, bere ustez ez baita Kataluniaren eta Espainiaren arteko edo Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen eta Carles Puigdemont Generalitatearen arteko eztabaida.

Kontua demokrazia eta askatasunen errespetua dela azpimarratu du, eta, horregatik, "leialtasun konstituzionalagatik", babestuko dutela Gobernuaren neurria.

PSOE

Katalunia "amildegitik erori aurretik azken irtenbidea" bilatzeko deia egin du PSOEk, eta irtenbide hori lortzeko atea irekita uzteko.

Ander Gil izan da sozialisten bozeramailea Senatuko Batzordean, eta 155. artikulua ezartzeko Espainiako Gobernuak onartutako testuari egindako zuzenketak defendatu ditu.

Horren harira, "atzera egiteko aukera" aldarrikatu du: "Denak egin dezake atzera".

Puigdemontek oraindik atzera egin eta hauteskundeetarako deia egin dezakeela gogorarazi du. "Azkenaurreko egunaren azken orduetan ere bere esku dago, sozialisten izenean hauteskundeetara deitzea eskatzen diot, Katalunia hondamendian eror ez dadin", berretsi du Gilek.

Unidos Podemos

Oscar Guardingo Unidos Podemosen bozeramailea Espainiako Gobernuaren neurrien kontra agertu da, Parlamentuaren jardueren "zikiratzea" delako, besteak beste.

Saenz de Santamariaren ahots urratuari erreferentzia eginez, Guardingok ahotsa zaintzea aholkatu dio, "ahotsa eta hitza garrantzitsuak" direlako elkarrizketarako. Era berean, Mascarelli hitz egiten ez uztea gaitzetsi du.

"TVE daramatenek TV3ri aniztasun eredua emango diotela uste dute?", galdetu du.

PDeCAT

Bestalde, PDeCATek Kataluniaren aurkako aparteko neurriak salatu ditu batzordean, Espainiako Gobernuak "espainiar guztiei" egindako erasoa delako eta "frankismoaren izpiritua" berreskuratzen duelako.

Josep Lluis Cleries PDeCATen bozeramaileak adierazi duenez, "nazionalista espainiarren estatu kolpea da, Espainiako Gobernuarena, PSOErena eta Ciudadanosena, erakunde demokratikoen kontra".

Izan ere, neurria aplikatzeko modua "demokraziaren eta erakunde kataluniarren aurkako erasoa" da. "Kataluniar guztien aurkakoa, pentsatzen dutena pentsatzen dutela", azpimarratu du.

EAJ

Jokin Bildarratz EAJren senataria Saenz de Santamariari zuzendu zaio. "Gobernuaren ekinbide guztia 155a aplikatzera bideratu beharrean, akordioa bilatzera bidera dezala" eskatu dio, artikuluaren aplikazioa saiheste aldera, eta horretarako, Katalunia "herri bat" dela aitortu behar duela uste du.

"Gustatu ala ez, Katalunia ez da autonomia erkidego bat soilik, Euskadi ere ez, herri bana dira, eta errealitate hori ukatzea irtenbidea non dagoen ez jakitea da, arazoa non dagoen ez jakitea", azaldu du.

Bildarratzek azpimarratu du "bizitza dagoen bitartean esperantza" dagoela, eta oraindik arazoa bidera daitekeela, Espainiako Gobernuak Puigdemontekin akordioa bilatzeko "esfortzua" eginez gero.

Ez diote utzi hitz egiten Generalitatearen ordezkariari

Ferran Mascarell Kataluniako Generalitateak Madrilen duen ordezkariak gogor kritikatu du Senatuan hitz egitea galarazi izana. 155. artikulua aplikatzearen aurkako alegazioak aurkeztu nahi zituen, baina ez diote utzi, ez dutelako Generalitateko kidetzat hartu. Horren aurrean, Mascarellek esan du "elkarrizketarako borondaterik ezaren adibide argia" dela.

Komunikabideen aurrean adierazi duenez, "elkarrizketa hitz egitea da", eta azkenaldian "bide demokratikoen alderdi guztiak zentzu autoritarioan" erabiltzen dira.

"Elkarrizketarako borondaterik ez dagoela berresten ari gara, eta horrela oso zaila da akordioetara iristea. Azkenean, Kataluniaren egoeraren zergatia ulertzen ari gara. Inork ez du independentziaren eta demokraziaren alde egiten duten kataluniarren arrazoia entzun nahi", adierazi du Mascarellek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Gaurko azken orduko albistea