Politika -

Auzitegi Nazionala

Libre utzi dituzte Iruñeko istiluengatik ikertzen ari diren 12 lagunak

Fiskaltza ez delako galdeketan egon eta haien kontrako neurririk eskatu ez duelako erabaki du Lamela epaileak aske uztea.

agentziak |erredalzopa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak libre utzi ditu martxoaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean izan ziren istiluekin lotuta terrorismoagatik ikertzen ari diren 12 lagunak, Fiskaltza ez delako galdeketan izan eta haien aurkako neurririk eskatu ez duelako.

Iturri juridikoetatik jakinarazi duenez, Jose Perals fiskalak ezin izan du galdeketetara joan beste epaiketa batean zegoelako, hala, inork ez du badaezpadako neurririk eskatu 12 gazteen aurka.

Aurreko ostiralean deitu zituzten hamabi lagunak deklaratzera, ikertzaileek istiluen egile gisa identifikatu ostean.

Gaur goizean, 50 lagunetik gora bertaratu da Auzitegi Nazionalean ikertuei babesa ematera, eta txaloka jaso dituzte libre atera direla ikusi dutenean.

Istiluak martxoan izan ziren, eta orduan hiru gazte errenteriar atxilotu eta espetxeratu zituzten, parte hartzea egotzita.

Lamelak gertakariak ikertzeko eskumena aitortu zuen, Iruñeko auzitegiak bere esku utzi ostean. Izan ere, Nafarroako hiriburuko 4. Instrukzio auzitegiak erabaki zuen terrorismo delitua egon zitekeela gertakarietan.

Hilabete batzuk lehenago, epaile berak terrorismoagatik auzipetu zituen Altsasun guardia zibilekin liskarra izan zuten gazteak ere. Bi kasuetan, helegiteak aztertu ondoren, Gorenak ebatzi zuen terrorismo delitua egon zitekeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Iruñea azken orduko berriak Gaurko azken orduko albistea