Politika -
Moldaketa
Geroa Baik bi zinegotzi izango ditu Iruñeko udal-gobernuan
Zeudenetatik ez da inor joango, beraz, handitu egingo dute udal-gobernua Itziar Gomez Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin eta Esther Cremaes Komunitate Garapenekoarekin.
agentziak | erredakzioa
Joseba Asiron Iruñeko alkateak udal-gobernuaren moldaketaren berri eman du gaur. Udal-gobernutik inor ez da aterako, baina Itziar Gomez eta Esther Cremaes Gero Baiko zinegotziak sartuko dira, Herritarren Segurtasuneko eta Komunitate Garapeneko arduradun gisa, hurrenez hurren.
Hori horrela, alkateak esan du Udalak orain "eraginkortasuna", "arreta" eta "gardentasuna" indartuko dituela.
Azaldu duenez, Aranzadik eta Ezkerrak maiatzean egindako kritikekin irekitako "konfiantza krisia" sortu zenetik, kideen arteko akordioa bilatzen saiatu dira, herritarrekin eta programarekin duten "konpromisoa" berresteko.
Azken emaitza 2015eko ekainetik, Udalera iritsi zenetik, nahi izango lukeen udal-gobernua omen da, Geroa Bairen ekarpena oso garrantzitsua izango delakoan hiri "modernoagoa, solidarioagoa eta justuagoa" egiten jarraitzeko.
Moldaketaren barruan, Aritz Romeo EH Bildukoak Herritarren Segurtasunaren ardura utziko du eta Gardentasuna, Berrikuntza eta Hizkuntza Politika sail berria hartuko du.
Udal gobernuaren bigarren berrikuntza Komunitate Garapena izango da, Cremaesek hartuko duena, Udalak auzoei eta gazteei ematen dien garrantziaren erakusgarri.