Politika -

Katalunia

12:30ean egingo du agerraldia Puigdemontek Bruselan

Hala baieztatu du bere abokatuak. Asilo politikoa eskatuko ote duen argitzea espero da. Adierazpena zuzenean jarraitzeko aukera, eitb.eus-en zuzenean.

Ikusmin handia, Puigdemont agertuko den aretoan. Argazkia: EFE
Ikusmin handia, Puigdemont agertuko den aretoan. Argazkia: EFE
Ikusmin handia, Puigdemont agertuko den aretoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemontek agerraldia egingo du 12:30ean gaur, asteartea, Bruselan (Belgika), Paul Bekaert abokatu belgikarrak baieztatu duenez. Antza denez, Bruselako Kazetarien Klubean izango da prentsaurrekoa.

Gaurko agerraldian, Puigdemont presidenteak asilo politikoaren inguruan hartutako erabakia azaltzea, azken orduotan han eta hemen horri buruzko zurrumurruak zabaldu ostean.

Joaquim Forn, Meritxell Borras, Meritxell Serret, Dolors Bassa eta Antoni Comin kargugabetutako kontseilariak ere joan dira Bruselara, presidentearekin batera. Kataluniatik Marsellara autoz eta handik Bruselara hegazkinez joan omen dira.

Jose Manuel Maza Estatuko Fiskal Nagusiak Fiskaltzaren kereila aurkeztu eta ordubete ingurura ezagutu zen atzo Puigdemont Bruselan dagoela. Puigdemont eta Kataluniako Gobernutik kargugabetutako kontseilarien aurka aurkeztu ditu kereilak, matxinada-delituagatik, sedizioagatik eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita.

Iturriek ez dute azaldu zer dela eta dagoen Puigdemont Bruselan; hori bai, Theo Francken Belgikako Migrazio eta Asiloko Belgikako Estatu idazkariak, N-VA alderdi independentista flandestarreko kidea bera, esan zuen igandean Twitterreko bere kontuan Puigdemontek aukera duela Belgikan ?asilo politikoa? eskatzeko.

Edonola ere, baieztatu dagoena Paul Bekaert kontratatu egin duela da. Bekaert aditua da giza eskubideen eta asilo eskaeren kontuetan. Era berean, esperientzia du euro-agindu prozesuetan, Natividad Jauregi ETAko ustezko kidearen abokatu ere izan baitzen, eta Belgikak ez Espainiaratzea lortu zuen.

Hala ere, Belgikako Gobernu federalak eta Flandriako exekutiboak ez dute adierazpen ofizialik egin. "Zurrumurruak dira", eman zuten aditzera N-VA alderditik.

Charles Michel Belgikako lehen ministroak berehala baztertu zuen aukera hori; esan zuenez, Kataluniako presidentearentzako asiloa "ez dago Belgikako Gobernuaren gai-zerrendan".

"Jazarpen seinale fidagarriak" beharrezkoak dira

Dirk Van den Bulcke Belgikako errefuxiatu eta herrigabeentzako komisario orokorrak esan zuenez, beharrezkoak dira "jazarpen edo arrisku seinale fidagarriak" jatorrizko herrialdean Belgikako estatuak herritar europar bati asiloa aitortzeko.

"Jazarpen seinale fidagarrik egon behar dira, baina jazarpen kasuan ere, herrialdean babesa lortzeko ezintasuna ere beharrezkoa da", argitu zuen RTL telebistan.

Europar Batasuneko herritarrei asiloa emateko prozedura bat aurreikusten du Belgikak.

Atzerritarren Bulegoak jasotzen ditu eskaerak, eta Errefutxiatu eta Herrigabeentzako Komisariotza Orokorrari helarazten dizkie. Bost egun ditu helegiterik jarri ezin zaion erabakia hartzeko. "Eskatzailearen adierazpenean ez bada argi geratzen jazarpenari beldur oinarriduna diola edo kalte serioak izateko benetako arriskua duela", eskaera atzera bota dezake erakundeak.

Azken hamar urteetan, Eslovakiako eta Errumaniako ijitoen gutxiengoek prozedura hori erabili dute, baina ez dute erantzun positiborik jaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Brusela bideoak Kataluniako erreferenduma Belgika argazkiak Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès albisteak