Politika -
Atxiloketa
Gizon bat atxilotu dute Bartzelonan Twitterren Mazaren heriotzaz barre egiteagatik
Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria mehatxatzea ere egotzi diote. Bestalde, Mazaren heriotzaren harira Arranek eta Podemeko kide batek botatako txioak delitu ez direla ebatzi du Fiskaltzak
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du gaur Bartzelonan, Twitter bidez Jose Manel Maza Estatuko fiskal nagusiaren heriotzaz barre egitea eta Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria mehatxatzea leporatuta.
Polizia iturriek zehaztu dutenez, gorroto eta irainen delitu banaren ustezko egile moduan atxilotu dute.
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak Twitterren duen kontuan eman du atxiloketaren berri:
Nonbait, pertsona batzuek erabiltzaile horren txio "iraingarri" horiek salatu zituzten. Poliziak gerora egiaztatu ahal izan duen moduan, gizonak hainbat kontu zituen Twitterren, eta mezuak idatzi eta gero itxi egiten zituen.
Bartzelonako Fiskaltzak asteazkenean abiatu zuen Mazaren heriotza tarteko sare sozialetan argitaratutako mezu "iraingarrien" inguruko ikerketa.
Horren harira, harrabotsa sortu duten Arran gazte erakundearen eta Cristian Fernandez Podemeko kidearen txioak delitu ez direla ebatzi du Fiskaltzak, "desatseginak edo errespetu gutxikoak" diren arren.