Politika -

Neurriak

Atentatu jihadistei erantzuteko prozedurak berritu ditu Eusko Jaurlaritzak

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Legebiltzarreko batzordean hitz egin du, Nerea Llanos popularrak hala eskatuta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak astelehen honetan azaldu duenez, gerta daitezkeen atentatu jihadistei aurre egiteko prozedurak berritzen ari da Ertzaintza. Halaber, prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, beste poliziekin elkarlanean.

Beltran de Herediak Legebiltzarrean hitz egin du, Nerea Llanos legebiltzarkide popularrak eskatutako batzordean. Izan ere, Ertzaintzak terrorismo horri aurre egiteko "bitarteko eta antolakuntza egokiak" behar dituela nabarmendu du Llanosek.

Lehenik eta behin, Egiptoko atentatuko biktimei "atsekabea eta elkartasuna" adieraziz hasi du agerraldia sailburuak. Ondoren, 2015az gero islamismo erradikalaren aurka Ertzaintzak indarrean duen plan estrategikoaren oinarria prebentzioa, babesa, jazarpena eta erantzuna direla azaldu du.

Babesari dagokionez, hiritarrek eta eraikin jakin batzuk duten arriskua murriztea dela adierazi du Beltran de Herediak.

Horrez gain, "prebentzioaren" garrantzia azpimarratu du, "erradikalizazio-prozesuak eta jarrera islamofobikoak lehenbailehen eragozteko". Besteak beste, Ertzaintza meskitak ikuskatzen ari da (hamar, orain arte). Beltran de Herediaren esanetan, integrazioa da horren helburua, eta ez "kontrola".

Hala, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek gai horren inguruan egindako kritikei erantzunez esan du "komunitate islamikora hurbiltzea ez dela kontrolatzea edo tartean sartzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ertzaintza Jihadismoa albisteak Eguneko albisteak