Politika -

Igande honetan

Nafarroaren Eguna ospatuko da gaur, ekitaldi instituzionalak eta musika lagun

Eguerdian izango da ekitaldi nagusia: Nafarroako Foru Erkidegoko bandera egin zuten ondorengoek Urrezko domina jasoko dute.

Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Musika eta ekitaldi instituzionalak izango dira protagonista gaur Nafarroako Foru Erkidegoan ospatuko duten Nafarroaren Egunean. Ekitaldi nagusia eguerdian izango da: Uxue Barkos Nafarroako presidenteak Nafarroako Urrezko domina emango die Erkidegoko bandera egin zutenen ondorengoei.

Eguna hasteko, 11:15ean Uxue Barkosek lore-eskaintza egingo du aintzineko Errege-Jauregiaren ondoan dagoen monolitoan, Nafarroako Artxibo Orokorraren kanpoaldean, Nafarroko Erreinuaren omenez, alegia. Barkosekin batera, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Iruñeko, Tuterako, Estella-Lizarrako, Zangozako eta Oliteko alkateak izango dira.

Geroago, 12:00etan, Nafarroako Foru Erkidegoko bandera egin zuten ondorengoek Nafarroako Urrezko domina jasoko dute, Barkosen beraren eskutik.

Kultur-egitarauari dagokionez, doako sarrera izango duen Nazioen Jaialdia aipa dezakegu. Iruñeko Udaletxean irakur daitekeen "Ateak zabalik daude, baina bihotzekoak batez ere" lemapean egingo dute jaialdi hori. Nafarroako Gobernuak gogora ekarri duenez, jaialdiaz gozatzeko sarrerak doakoak dira, eta Gayarre Antzokian jaso behar dira aldez aurretik.

"Elkarbizitza eta eztabaida dira garatutako gizartearen oinarrizko baloreak", dio jaialdiaren egitarauak, "komunikazioan eta herrien arteko topaketan oinarritzen dira elkarrizketa, hezkuntza, aitorpena, elkartasuna eta errepespetua". Gauzak horrela, Nafarroako Ereserkiak hasiera emango dio jaialdiari, Atarrabiako San Andres Abesbatzaren eskutik, eta jarraian Nafarroako Arabiar Kulturako Elkarteak eta Emakumezko Afrikarrek, besteak beste, emanaldiak eta dantzak eskainiko dituzte.

Arratsaldean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta hainbat artista gaztek kontzertua egingo dute Baluarten. Bestalde, 13:00etan Nafarroako 91 udalerritan ere beste hainbat emanaldi izango dira, Nafarroaren Egunaren harira, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos argazkiak Alderdi politikoak bideoak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentuko albisteak