Politika -

Epaiketa Parisen

ETAk adierazi du 'zinez sentitzen' duela Jean-Serge Nerin jendarmea hil izana

Parisko Auzitegiak 16 eta 25 urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie ETAko lau kideri, agente frantziarra hiltzeagatik.

Asteburuan Parisen presoen eskubideen alde egindako manifestazioa. Argazkia: EiTB
Asteburuan Parisen presoen eskubideen alde egindako manifestazioa. Argazkia: EiTB
ETAk esan du 'zinez sentitzen' duela Jean-Serge Nerin jendarmea hil izana

1:05

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk adierazi du "zinez sentitzen" duela Jean-Serge Nerin jendarme frantziarra hil izana. Agentea 2010eko martxoaren 16an hil zuen ETAk, Villiers en Biere herrian, komando batek hainbat auto ostu ostean Frantziako Poliziarekin izandako tiroketa batean.

Izaskun Lesaka ETAko presoak agiri bat irakurri du, erakundearen izenean, jendarme frantziarraren hilketa dela-eta Parisen ETAko lau kideren aurka egindako epaiketan. Lesakarekin batera, Xabier Goienetxea, Arkaitz Agirregabiria eta Josu Urbieta ere eseri dira akusatuen aulkian, eta 14 eta 25 urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete azkenean.

Gaur epaiketaren azken eguna izan da, eta akusatuek azken hitza hartzeko txanda izan dute. Horretan, Lesakak adierazpen bat irakurri du, ETAren izenean, eta hilketa deitoratu du: “Heriotza hura zinez sentitzen dugula jakinarazi nahi dugu publikoki, eta gure doluminak azaldu nahi dizkiegu bere sendiari. Errespetuz diogu, jakin ondo baitakigu ez dagoela halako mina baretzeko hitzik”.

Gainera, hilketa horrek “kalte politikoa” ere ekarri zuela gaineratu du. Izan ere, “sinesgarritasuna kendu ahal zion” aste batzuk lehenago iragarritako “eraso ekintzen” amaierari.

25 urte arteko kondenak

Epaia gaur bertan egin dute publiko, epaiketa bukatu eta ordu batzuetara. Horren ildotik, ETAko lau kideei 14 eta 25 urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete.

Hori horrela, duela bi urte lehen auzialdian ezarritako zigor berberak ezarri dizkiete gaur. Orduan, ETAko beste bi kide ere kondenatu zituzten, Mikel Karrera Sarobe (biziarteko zigorra) eta Joseba Fernandez Aspurz (16 urte), baina horiek ez zuten helegiterik jarri, eta orain egindakoa apelazio epaiketa izan da.

Hain zuzen ere, epaileek 25 urteko zigorra ezarri diote Arkaitz Agirregabiriari, 16koa Josu Urbietari eta 14koa Izaskun Lesakari eta Xabier Goienetxeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak ETA gaur Epaiketak bideoak Gaurko azken orduko albistea