Politika -
Autogobernurako lantaldea
Erabakitzeko eskubidea lantzeko bigarren mahai bat sortzea babestu du Mendiak
Gernikako Estatutuaren erreforma aurrera eramateko Elkarrekin Podemosen proposamena aintzat hartu du buruzagi sozialistak.
Agentziak | Erredakzioa
Autogobernurako lantaldean erabakitzeko eskubiderako bigarren mahai bat sortzea proposatu zuen Elkarrekin Podemosek, eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ekimena babestu du gaur, beste mahai batean Estatutuaren erreforma bideratzeko, gehiengo zabal bat ahalbidetzeko.
Erabakitzeko eskubidearen eztabaida oztopo ez baldin bada, Gernikako Estatutuaren erreforma adosteko, “gehiengo zabal” bat osatzeko “aukerak” daudela uste du Mendiak.
Eztabaidari betorik jarriko ez diola azaldu du buruzagi sozialistak, baina erabakitzeko eskubidea, sezesioa edo independentzia “legezkotasuna gainditu, legez kanpokoak” direla errepikatu du.
PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, EAJrekin duten gobernu akordioaren arabera, autogobernuaren erreforma indarrean dagoen marko legalaren barruan egingo dute, adostasun zabal batekin, 1979ean Estatutuak izandakoaren berdina edo handiagoarekin.
Estatutuaren erreforma premiazkoa da
Podemosek, datorren asteazkenean, Eusko Legebiltzarreko autogobernurako lantaldean bi mahai sortzeko proposamena aurkezten baldin badu, PSE-EEk babestu egingo duela esan du Mendiak, EAJk “erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo zabal abertzale bat edo Estatutua hobetzeko gehiengo transbertsala” aukeratu beharko du.
Estatutuaren erreforma legealdi honetan onartu behar dutela azpimarratu du sozialistak. Hiru urte baino gutxiago geratzen dira agintaldia bukatzeko.
Mendiaren ahotan, erreformak Estatutua modernizatzeko balio behar du, 1979tik eskuratutako “eskubide sozialak blindatzeko”, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo etxebizitza eskubidea esaterako; eskumenak areagotzeko eta Europar Batasuneko erabaki organoetan presentzia izateko.
Inkesta guztien arabera, EAEko herritarrek erkidego ereduari ematen dioten babesak gora egin du, “Euskadin Kataluniako gertatzea nahi ez dutelako”, Mendiak nabarmendu duenez.
Euskadiko egonkortasun politikoa eta Kataluniako “garai zailak” berriz alderatu ditu PSE-EEko agintariak.
“Ikaragarria da, Gabonetako otorduetara heltzen den borroka, familian edo lanpostuan. Ez dira politikaz ari, Euskadi duela 17 urte ematen du”, adierazi du Mendiak. Azken egunetan Gironan izan da, PSCrentzako kanpaina egiten; izan ere, bertan igarotzen ditu udak PSE-EEko buruzagiak.