Politika -
Presoak
Presoak 'urruntzeko politika' bertan behera uztea eskatu du Hernaniko Udalak
EH Bilduk, EAJk eta Orain Hernanik babestu dute adierazpena. Bisita batetik bueltatzean istripua izan zuten Marta Igarriz presoaren senideei elkartasuna helarazi diete.
Agentziak | Erredakzioa
Hernaniko Udalak adierazpen instituzional bat egin du euskal presoei ezarritako "urruntze politika" bertan behera uzteko eskatuz eta Marta Igarriz preso hernaniarraren senideei elkartasuna helaraziz. Joan den astean istripua izan zuten Castellotik, Igarriz bisitatzetik etxera bueltan zirela.
EH Bilduk, EAJk eta Orain Hernanik babestu dute adierazpena. Luis Intxauspe alkateak (EH Bildu) eta Andoni Amonarraiz (EAJ) eta Jaione Aristegi (Orain Heranni) zinegotziek agerraldia egin dute udaletxean, Etxerateko ordezkari bat eta Marta Igarrizen senide bat alboan zituztela.
Etxeratek aurkeztu eta Udalak onartuta testuan, euskal presoak sakabanatzeko politika duela 28 urte jarri zutela indarrean eta "presoari nahiz haren senide eta lagunei sufrimendua" eragiteko neurria dela salatzen dute.
Urte luze horietan, kartzelatako joan-etorrietan 16 senide hil direla gogoratu dute. Azkeneko ezbeharra, abenduaren 27an jazo zen, Marta Igarriz presoaren familiarrak Castelloko espetxetik bultatzean.
"Urruntze politikak ez du zentzurik eta ez du presoaren lotura sozialak mantentzen laguntzen; alderantziz, presoaren senideak eta lagunak zigortzen ditu", azpimarratu dute.
ETAk borroka armatua betirako utzi eta armak entregatu ostean irekitako "aro berrian" sakabanaketari eusteak "inolako zentzurik ez" duela erantsi dute.
"Egoera aldatzeko aukera ezin hobea da, sufrimendu guztiak kontuan hartu eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatuta, etorkizun hobea eraikitzeko; urruntze politikari amaiera emateko unea da", nabarmendu dute.
Azkenik, Igarrizen senideek izan zuten istripua salatzeko Etxeratek Hernaniko herriko plazan deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.