Politika -
EB-ko enbaxadoreen aurrean
Euskadik eta Kataluniak kontsultak deitzeko 'bide legalak' eskatu ditu Urkulluk
Euskadi edo Katalunia bezalako errealitate nazionalak juridikoki eta politikoki aintzat hartzeko bidean aurrerapausoak ematea eskatu du lehendakariak Europar Batasuneko diplomaziaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Erakunde eta parlamentuek hala erabakitzen baldin badute, Euskadik eta Kataluniak galdeketak deitu ahal izateko “bide legalak” eskatu ditu gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Madrilen, Europar Batasuneko (EB) enbaxadoreen aurrean.
Euskadi edo Katalunia bezalako errealitate nazionalak juridikoki eta politikoki aintzat hartzeko bidean aurrerapausoak ematea eskatu du Urkulluk Europako diplomaziaren aurrean. Horretarako, akordio eta itunerako borondatean oinarritutako “garai berri” bati hasiera ematea beharrezkoa dela uste du buruzagiak.
Lehendakariaren hitzetan, irtenbide politiko batean “aurrerapausoak” emateko kultura plurinazionala onartu eta herrien nortasunaren defentsa bultzatu behar dira.
"Autogobernu perfektuaren" defentsa
Bileran gehienbat ekonomia jorratu badute ere, “autogobernu perfektua” eta Estatutu berri batean jasotako Euskadiren berezitasuna defendatzeko hitzak izan ditu Urkulluk.
Gainera, EAJren bokazio “euopeista” argi utzi nahi izan du lehendakariak. “Hori da gure proiektuaren etorkizuna”, adierazi du.
Kontzertu Ekonomikoa
Enbaxadoreen aurrean, 'Europar Batasunaren 2020 Estrategiarekin' bat egin du Urkulluk, “zentzuzko” hazkunde “jasangarri” bat bultzatzen duelako. Bestalde, “hamarkada bateko desadostasunen ondoren” Kontzertu Ekonomikoaren eguneraketa “positiboa” goraipatu du agintariak.
Kontzertu Ekonomikoaren inguruko akordioa bi aldeentzako “positiboa” izan dela esan du Urkulluk. Harremanen aldebikotasuna “indartzen” duela uste du lehendakariak.
“Dimentsio politikoa” onartu du EAEko buruzagiak; izan ere, Kontzertua Euskadiko autogobernuaren “funtsezko euskarria” da eta bi exekutiboen arteko harremanak “elkarrenganako errespetu eta aintzatespenean” oinarritzen ditu.
Aldebikotasuna
“Inork beste aldeari bere jarrera inposatu ezin diezaiokeela esan nahi du aldebikotasunak”, zehaztu du lehendakariak.
Gainera, aldebiko harreman sistema hitzartu hori historian sustraiturik dagoela gogorarazi du Urkulluk; izan ere, 1878an martxan jarri zuten eta orduz geroztik indarrean izan da, “frankismo garaian, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ezik”.