Politika -
Presoen hurbilketa
Ibon Iparragirre iritsi da Arrasateko Aita Menni erietxera
Larri gaixo dagoen Ondarroako presoa asteazkenean atera zen Alcala Meco espetxetik Arrasaterako bidean, espetxe-zaintzako epaileak aginduta.
Agentziak | Erredakzioa
Ibon Iparragirre Ondarroako presoa, gaur (ostirala), 11:30ean iritsi da Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni erietxera, Etxeratek Twitter bidez jakinarazi duenez. Iparragirre asteazkenean atera zuten Alcala Meco Madrilgo kartzelatik Arrasateko eritxera ekartzeko larri gaixo baitago.
Hemendik aurrera presoaldi arindua beteko du, horrela erabaki baitzuen, abenduaren 22an, Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko espetxe-zaintzako epaileak, Espetxeen Erregelamenduaren 100.2 artikulua aplikatuta.
Iparragirreri 299 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Ondarroan bonba-auto bat lehertu arazteagatik. Larri gaixo dago, ihesa baitauka, eta hori dela medio, kartzelatik ateratzea eskatu du hainbat alditan. Bi urtetan presoaldi arindua bete zuen, baina 2014an espetxera itzuli zen.
Aita Menniko Psikiatria Unitatean egongo da Iparragirre. Espetxe normal batean buruko gaixotasunak direla eta sartu ezin daitezkeen gaixoak daude hor, ospitale batean egon daitezkeen segurtasun neurri handiagoak daudelako.
Etxeratek anbulantzian zuzenean ekarri ez izana salatu du, "hiesak jota azkenetan dagoen gaixoa baita". "Gaixotasunaren faserik latzenean (c3 fasean) dago, eta bere denbora bukatzen ari da", esan dute.
"Atsekabea eta ardura adierazi behar dugu Ibon Iparragirreri ematen ari zaion krudelkeria tratuagatik, larri gaixo egonda bidaia luze eta bihurria egiten ari baita", gaineratu du Etxeratek.