Politika -

Katalunia

Hauteskundeetarako atzerako kontaketa ez da hasi, Parlamentuko abokatuen arabera

Roger Torrenten esku utzi dute epe hori indarrean jartzea ala ez, blokeo-egoera luzatuz gero; ohartarazi dutenez, "arrazoizko epea igarota", taldeek hauteskundeak behartzeko aukera izango lukete.

Roger Torrent, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Roger Torrent, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Roger Torrent, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuko abokatuen arabera, hauteskundeak berriro deitu arteko bi hilabeteko epea ez da oraindik hasi, behintzat Auzitegi Konstituzionalak inbestidurari buruzko ebazpena eman arte, eta Roger Torrent Parlamentuko presidentearen esku utzi dute epe hori indarrean sartzea, blokeo-egoera luzatuz gero. Hala dio abokatuen txosten batek.

Testuan, Parlamentuko idazkari nagusi Xavier Muroren sinadura besterik ez da agertzen, Ganberako letradu nagusi Antoni Bayonak ez duelako txostenean parte hartu; izan ere, azken egunotan desadostasunak izan dira, abokatuen artean, txostenak izan behar zuen edukiaren gainean.

Zerbitzu juridikoek argitaratutako agiriaren arabera, inbestidura-saioaren atzerapena "ez da gertatu erabakitako nahi baten ondorioz, baizik eta Kataluniako Parlamentua ez den erakunde baten erabakiaren ondorioz"; kasu honetan, Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiak eragin du atzerapena (Espainiako Gobernuaren eskaerari egin zion men Gorenak).

Hortaz, jarraitzen du txostenak, "Gobernuak aurkeztutako helegitearen gaineko erabakirik ez dagoen bitartean, ulertzeko modukoa da bertan behera geratu dela bilkurarako aurkeztu arteko 10 eguneko epea; hori, behintzat, Auzitegi Gorenak ebazpena eman arte, hau da, Estatuko Gobernuaren helegitea onartuko duten ala ez erabaki arte".

Puigdemonten hautagaitzari eragingo lioke

Abokatuen iritziz, Konstituzionalaren erabakiak eragina izan lezake Carles Puigdemonten hautagaitzaren bideragarritasunean, ikuspegi juridikotik, eta, horregatik, "itxaron behar da, ebazpenaren edukia eta horren xehetasunak aztertu arte, ondorioak balioztatzeko".

Abokatuek diotenez, estatutu-xedapenak eta legezko xedapenak kontuan izanik, ez dago ondorioztatzerik Parlamentuaren aurreratutako desegiterik gauzatu behar denik, nahiz eta 10 egun igaro diren eta hautagairik aurkeztu ez duten.

Torrenten esku utzi dute abokatuek, bestalde, bi hilabeteko erlojua martxan jartzea ala ez, presidente berria hautatzeko blokeo instituzionaleko egoera luzatuko balitz.

Erabaki horrek, baina, ez luke ondoriorik izango Torrentek duen beste eskumen batean, alegia, "talde politikoekin kontsulta-sorta berri bat" egiteko gaitasunean, proposamen berriak zehazteko. Hala nabarmendu dute abokatuek.

Hala ere, azpimarratzen dutenez, Torrentek ez balu bultzatuko ekitaldia (arrakastarik gabeko bozketa baten baliokidea izango litzateke ekitaldi hori), "justifikaziorik ez balego, eta arrazoizko epea igarota", parlamentu-taldeek bultzatu ahal izango lukete, beharrezko baliabideak erabiliz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika albisteak Kataluniaren independentzia Auzitegi Gorena argazkiak Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès albisteak Auzitegi Konstituzionala