Politika -

Katalunia

Epaileak aske utzi du Marta Rovira, fidantzapean

Bestalde, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusia ere aske geratu da. Fiskaltzak eta herri akusazioak ez dute inolako neurririk eskatu haren aurka.

Marta Rovira, ERCko idazkari nagusia. EFE
Marta Rovira, ERCko idazkari nagusia. EFE
Llarena epaileak Marta Rovira aske utzi du 60.000 euroko fidantzapean

1:54

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Llarena epaileak aske utzi du Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, 60.000 euro ordainduta. ANC erakundeak fidantza ordainduko duela iragarri du, asteazkenean edo ostegunean.

Batetik, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak fidantzapeko askatasuna eskatu dute, Auzitegi Gorenean egindako deklarazioa entzun ostean. Bestetik, Vox alderdiak egindako herri akusazioak baldintzarik gabeko espetxe-zigorra eskatu du, ihes egiteko eta berriz delituzko ekintza egiteko arriskuagatik.

Roviraren deklarazioa

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak deitutako bilera guztietara joan zela adierazi dio Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari. Ondoren, urriaren 1eko bozketa geldiarazten saiatu zela gaineratu du, Kataluniako Gobernuko eta alderdi independentisteako hainbat kiderekin izandako bilera batean. Aitzitik, guztiek, baita Carles Puigdemontek ere, uko egin zioten aukera horri.

Urriaren 1ean egindako bileran, Gobernuko, CUPeko eta Junts pel Sí koalizioko ordezkariak izan zirela argitu du Rovirak, izenik eman ez duen arren.

Alde bakarreko independentzia adierazpenari dagokionez, berriz, ERCko buruzagiak ez zuela erreferendumaren antolakuntzan parte hartu esan du. Inolako eragin juridikorik gabeko adierazpena izan zela argitu dio Llarenari.

Epaitegian egon diren hainbat iturriren arabera, Consuelo Madrigal fiskalak eta Llarena epaileak egindako galdera guztiei erantzun die Rovirak, ikertu gisa egindako deklarazioan. Javier Moreno fiskala ere han egon da.

Horrez gain, Roviraren esanetan, berak sinatu zuen burujabetza ibilbidea ERCren izenean 2015eko martxoaren 30ean, CDC-Reagrupament, ANC, Òmnium Cultural eta AMI elkarteekin.

Bestalde, hogei bat pertsona bildu dira auzitegiaren aurrean Rovirari babesa adierazteko: Joan Tardá ERCk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea, eta Gabriel Rufián diputatua, besteak beste.

Guardia Zibilak egindako txostenen arabera, Rovira funtsezko pieza izan zen bai urriaren 1eko erreferendumean bai ondoren egindako alde bakarreko independentzia adierazpenean.

Epaileari igorritako azken idatzian Guardia Zibilak zehaztu duenez, Rovirak eta Oriol Junquerasek aginduak ematen zizkioten Josep Maria Jovéri. Generalitateko presidenteorde ohiaren konfiantzazko pertsona ez ezik, erreferendumaren logistikaren burua zen Jové.

Guardia Zibilak prozesuaren batzorde estrategikoan kokatu zuen Rovira, Artur Mas Generalitateko presidente ohiarekin eta CUPeko Anna Gabrielekin egin zuen moduan.

Independentzia adierazpenaren eragin juridikoak ukatu ditu Pascalek eta aske utzi dute, inolako neurririk gabe

Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusiak ukatu egin du joan den urriaren 27an aldarrikatutako alde bakarreko independentzia adierazpenak eragin juridikoa duenik gaur Auzitegi Gorenean egindako deklarazioan. Horrez gain, indarkeriak oro har "atsekabea" eragiten diola nabarmandu du.

Agerraldian parte hartu duten aldeek, Fiskaltzak eta Vox alderdi politikoaren herri akusazioak, ez dute inolako kautelazko neurririk eskatu Pascalentzat. Beraz, aske irten da Auzitegi Gorenetik. Errebolta edo sedizio delituak eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu diote.

Marta Pascal, PDeCAT. EFE

Marta Pascal, PDeCAT. EFE

Marta Pascal, PDeCATeko koordinatzaile nagusia, Gorenera iritsi denean. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Albisteak