Politika -
'Kutxabank' auzia
Erantzukizuna euren gain hartzea eskatu diete alderdiei, Gorenaren epaiaren ostean
Akusazio partikularrak salatu duenez, EAJk, PSE-EEk eta PPk "iruzurra antolatu dute", "Kutxabanken pribatizazioa geldiarazi beharko lukete".
agentziak | erredakzioa
'Kutxabank' auziko herri akusazioak (LAB sindikatuak buru duen hainbat elkartek osatuta) EAJ, PSE-EE eta PP alderdiei beren erantzukizuna onartzeko eskatu die, Auzitegi Gorenak auzian inputatutako kideei zigorra berretsi ostean.
Horrela, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 2017ko martxoan emandako epaia berretsi du Gorenak. Epaileak bidegabeko jabetze delitua egotzi zien Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiari, Rafael Alcorta abokatuari eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari Euskadin. Hori horrela, lehengo biei sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zien; hirugarrenari, berriz, urtebeteko espetxeratzea.
Bestalde, Gorenak merkataritza-sozietateak zuzentzeko aldi baterako gaitasungabetze berezia ere ezarri dio Mario Fernandezi, eta Repsoleko kontseilari izateri utzi beharko dio.
Herri akusazioaren ordezkariek, Jone Goirizelaia abokatuarekin batera, Bilbon egindako prentsaurrekoan pozik agertu dira epaiarekin. Era berean, EAJri, PSE-EEri eta PPri "aurpegia emateko" eta "euskal kutxak pribatizatzeagatik eta Kutxabank banku bihurtzeagatik" duten erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diete.
Urtzi Ostolozaga LABeko ordezkariaren hitzetan, alderdiok "iruzurra antolatu" dute; ildo horretan, "Kutxabankeko pribatizazioa gelditzeko" eskatu du.
Ostolozagaren ustez, "eurak dira beren irudia garbitzeko interesa duten lehenak, oso kaltetuta baitago".
Herri akusazioaren hitzetan, Gorenaren ebazpenak "arrazoia ematen" die berriro.