Politika -
Katalunia
Puigdemontek eta Cominek ez dituztela diputatu aktak utziko azaldu du Rullek
Junts per Catalunyako (JxCat) diputatuaren esanetan, diputatu izaten jarraituko dute Kataluniako Parlamentuan gehiengo independentista mantentzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Josep Rull Junts per Catalunyako diputatuak eta kontseilari ohiak azaldu duenez, Carles Puigdemontek eta Antoni Comínek "ez diete uko egingo" Kataluniako Parlamentuko diputatuen aktei, gehiengo independentista bermatzeko.
CUPeko kontseilu politikoak JxCaten eta ERCren gobernu proposamena baztertu zuen atzo, oso "autonomista" dela argudiatuta. Horrenbestez, Jordi Sànchez inbestidurara aurkeztuko balitz, CUPeko lau diputatuak abstenitu egingo liratekeela iragarri zuen. Hori hala izanda, Sànchezek ez luke beharrezko gehiengoa izango presidente inbestitzeko.
TV3ko Preguntes Freqüents saioan emandako elkarrizketan argudiatutakoaren arabera, Puigdemontek eta Cominek aktak utziz gero, Kataluniako Parlamentuak "bidea irekiko lioke Moncloari".
Rullen aburuz, independentistak berriz negoziatzen saiatu beharko lirateke "egoera desblokeatzeko".