Politika -
Enpresaburuen aurrean
Konbentzio Konstituzionala planteatu du Urkulluk, 'burujabetza eztabaidei' heltzeko
Puente Aereo Foroan bilduta, Madrilgo eta Kataluniako enpresa nagusietako 20 bat enpresabururekin bazkaldu du lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
“Une historiko honetan aurrera egiteko” Konbentzio Konstituzionala defendatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, “burujabetzaren eta elkarbizitzaren” inguruko “eztabaidei demokraziak eta eskubideak” aurreikusitako prozedurekin heltzeko. Puente Aereo Foroan bilduta, Madrilgo eta Kataluniako enpresa nagusietako 20 bat zuzendariren aurrean hitz egin du Eusko Jaurlaritzako buruzagiak.
Gainera, Kontzertu Ekonomikoa “pribilegio bat” ez dela argi utzi nahi izan du Urkulluk. Are gehiago, “Estatuko erkidegoetako finantziazioaren arazoa” konpontzeko “eredua” izan daitekeela adierazi du agintariak.
Bestalde, Euskadik “egonkortasuna, segurtasun juridikoa, lehiakortasunerako inguru paregabea” eskaintzen duela gogorarazi die Urkulluk enpresaburuei, ondorioz, “inbertitzeko toki ona da”.
Puente Aereo Foroak gonbidatuta, EAEko buruzagiak Madrilgo eta Bartzelonako konpainia nagusietako 20 bat presidenterekin bazkaldu du gaur.
Besteak beste, Antoni Brufau Repsoleko presidentea, Salvador Alemany (Abertis), Jordi Gual (Caixabank), Josep Oliu (Sabadell bankua), Antonio Catalan (AC Hoteles) eta Santiago Bergareche (Vocento) bertan izan dira.
Aldebikotasuna
Enpresaburuen aurrean, “euskal autogobernuaren etorkizuna” aldarrikatu du Iñigo Urkulluk, “erabaki politikoak, ekonomikoak eta sozialak herrira hurbiltzen dituelako”.
“Botere zentralaren eta erkidegoen arteko tentsioek positiboan funtzionatzeko, berdintasun ikuspegi batetik bideratu behar dira, ez mendekotasunetik”, erantsi du. “Aldebiko bermea da, negoziatzeko eta adosteko betebeharra”, nabarmendu du.
Lehendakariaren hitzetan, autogobernua “garapenaren eta ongizatearen sinonimoa da”, horregatik, “Gernikako Estatutua osorik betetzeko aldarrikapena” mantentzen du Jaurlaritzak, “hazten jarraitzeko” asmoarekin.