Politika -
Katalunia
Guardia Zibila Generalitateko jauregira eta Omniumeko egoitzara sartu da
Antoni Molons Kataluniako Gobernuko Komunikazio eta Herritarren Arretarako idazkaria atxilotu dute. Operazioak urriaren 1eko erreferendumarekin du lotura.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibila Generalitateko jauregira (Palau) sartu da goizean epaile baten aginduz. Antoni Molons Kataluniako Gobernuko Komunikazio eta Herritarren Arretarako idazkariaren bulegoa miatu dute agenteek. Horrez gain, Omnium Cultural erakunde subiranistak Bartzelonan duen egoitzan eta Molonsen etxebizitzan ere egin dituzte miaketak. Molons atxilotuta egon da operazioak iraun duen artean. 12:00ak aldera bukatu dituzte miaketok.
Ikerketaren iturriek EFE albiste agentziari esan diotenez, Bartzelonako 13. Instrukzio epaitegiak eman du agindua. Urriaren 1eko erreferenduma diru publikoa erabilita antolatu ote zuten ikertzen ari da epailea.
Iturrion arabera, Molonsi diru publikoa bidegabe erabiltzea eta U-1eko erreferendumera bideratzea egotzi diote. Generalitateko kidea atxilotuta eduki dute operazioak iraun duen artean.
Generalitateko jauregia eta Omniumen egoitza ez ezik, Molonsen etxebizitza ere miatu dute. Sant Joan Despi herrian dago, Bartzelonako probintzian.
Juan Antonio Ramirez Sunyer Bartzelonako 13. Instrukzio epaitegiko buruak urriaren 1eko antolaketa eta erabilitako baliabideen inguruko ikerketa abiatua zuten Santi Vidal ERCko senatariak egindako adierazpenen ondotik. Vidalen hitzetan, Kataluniako Gobernuak "ezkutuko" 400 milioi euro zituen erreferenduma antolatzeko.
Erreakzioak
Kataluniako alderdi subiranistek "Espainiako Estatuaren errepresioa" salatu dute, eta CUPek elkarretaratzea deitu du Sant Jaume plazan, Generalitateko jauregiaren aurrean.
CUPek sare sozialak erabili ditu protesta deitzeko. "Utz gaitzatela bakean, oraintxe bertan!", nabarmendu dute.
Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR, katalanezko sigletan) ere bat egin dute deialdiarekin, eta beste elkarretaratze bat deitu dute 19:00etarako Guardia Zibilak Bartzelonako Travessera de Gracia kalean duen komandantziaren aurrean.
JxCat, ERC eta CUP alderdietako kide ezagunek, Puigdemontek eta Gabriel Rufianek esaterako, miaketak eta Molonsen atxiloketa salatu dituzte sare sozialetan.