Politika -
Katalunia
Kataluniako Parlamentuak inbestidurak bertan egon gabe egiteko legea tramitatu du
Cs eta PSC alderdiek helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute jada, Mahaiak erabakia zuzendu dezan. Konstituzionalak Puigdemonten inbestidura Belgikatik egitea galarazi zuen.
agentziak | erredakzioa
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak Generalitateko Presidentetza Legearen erreforma tramitatu du, JxCatek eskatuta, inbestidurak hautagaia bertan egon gabe egin ahal izateko.
Parlamentutik jakinarazi dutenez, Europa Pressen arabera, Cs eta PSC alderdiek helegitea aurkeztuko dutela igarri dute jada, Mahaiak erabakia zuzendu dezan.
Bi alderdi horiek 48 orduko epea dute helegitea aurkezteko: Mahiak errefusatzen badu -litekeena da, gehienak independentziaren aldekoak direlako- Generalitateko Estatutu Bermeen Kontseiluarengana (GEB) joko dutela adierazi dute sozialistek.
Legea bide azkarrenetik tramitatzea eskatu du JxCatek: normalean Kontseiluak hilabeteko epea izaten du alderdien eskariak aztertzeko, baina kasu honetan zazpi eguneko epean ebatzi beharko du, gehienez.
Aipatutako iturrien arabera, PSC eta Cs alderdiek aurkeztuko dituzten helegiteak kontuan hartuta, ezinezkoa izango da legea Ganberan bozkatzea Aste Santua baino lehen.
GEBa Generalitatearen aholkularitza batzordea da, eta legeak Konstituzioaren eta Estatutuaren araberakoak diren ebazten du. Edonola ere, bere erabakiak aholku mailakoak dira, ez erabakigarriak, baina alderdiek zein Kataluniako Gobernuak aintzat hartu ohi dituzte.
JxCatek otsaila hasieran aurkeztu zuen legearen erreforma, Carles Puigdemonten inbestidura Belgikatik egin ahal izateko, eta ika-mika handia eragin zuen alderdien artean.
Legea tramitatzeak Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka egiten zuen orduan, Puigdemonten inbestidura galarazi baitzuen, bi baldintza ezarrita: Belgikatik etortzea eta epaitegietan aurkeztea.
Egoera konpontzeko, Roger Torrent Parlamentuko presidenteak txostena egitea eskatu zuen Ganberako abokatuei, JxCatek aurkeztutako erreformak Konstituzionalaren erabakiaren aurka talka egiten ote zuen zehazteko.
Abokatuek esan zuten posible zela erreforma egitea, baina ez Puigdemonten inbestidurarako -horren Konstituzionalaren aurka egingo lukeelako-, baizik eta hurrengo inbestiduretarako.