Politika -

Elkarretaratzea Iruñean

2.500 lagunen babesa jaso dute Altsasun zauritutako guardia zibilek

Bilkuran, besteak beste, PPk, UPNk, PSNk eta Ciudadanosek hartu dute parte, baita ETAren biktimen elkarteek ere.

Iruñean egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Iruñean egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Iruñean egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarretaratze jendetsua egin dute astearte arratsaldean Iruñean, duela urtebete eta erdi Altsasuko taberna batean izandako liskarrean zauritu ziren bi guardia zibilei eta haien bikotekideei babesa adierazteko.

Doble12 elkarte kulturalak deitu du elkarretaratzea, eta ETAren biktimen elkarteek (COVITE eta ANVITE) eta PP, UPN, PSN eta Ciudadanos alderdiek babestu dute.

Antolatzaileen arabera, 4.000 lagun inguru bildu dira; Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren esanetan, berriz, 2.500. "Maria Jose, Pilar, Oscar eta Alvaro, zuekin gaude" lelopean egin dute bilkura.

Guardia zibiletako baten amak eskertu egin du jasotako babesa, "ikaragarria" izan baita. Egun "oso gogorra" izan dela adierazi du, epaiketan semeak deklaratu behar izan duelako.

"Ezin duzue imajinatu ere egin honek guztiak zer suposatzen duen guretzat. Ikaragarria izan da; horrelakorik ez genuen espero. Asko eskertzen dugu horrelako hiri batean, oraindik beldurra dagoen hiri batean, gu babesteko hainbeste jende bildu izana", azpimarratu du.

"Badakigu nafarrak pertsona onak direla, baina gutxi batzuen erruz nire semeak hemendik alde egin behar izan du", deitoratu du.

Fernando Savater filosofoak irakurri du ekitaldiko adierazpena, eta gogor kritikatu ditu Nafarroako erakunde publikoak Altsasuko gazteei babesa eta elkartasuna emateagatik: "Erasotzaileen alde jarri dira eta ez dute inolako elkartasun keinurik izan biktimentzat".

Bilkuran, Espainiaren, Nafarroaren eta Guardia Zibilaren aldeko oihuak egin dituzte, eta otoitz eginez amaitu dute bilkura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Albisteak Altsasu