Politika -
Ekitaldia
Presoen alde 'lan egiten' jarraitzeko deia egin du Sara Majarenasek
'Izarrekin Sara Etxera' plataformak gaur goizean Donostian antolatutako ekitaldian hitz egin du Sara Majarenas ETAko preso ohiak.
Agentziak | Erredakzioa
Sara Majarenas ETAko preso ohiak presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko "lanean" jarraitzeko deia egin du gaur Donostian. Apirilaren 10ean aske geratu zen Majarenas zigorra osorik bete ostean. 2017ko urtarrilaren 15ean, bikotekide ohia Izar alaba hiltzen saiatu zen.
Espainiako Gobernuari kartzeletako lehen graduarekin amaitzea eskatzeko atzo Bilbon egindako manifestazio jendetsuaren ostean egin ditu Majarenasek adierazpenok.
"Izarrekin Sara Etxera" plataformak Izar lau urteko alabak ama aske duela ospatzeko Donostian antolatutako ekitaldian hartu du parte ETAko preso ohiak. Hala, Izar dagoeneko ez dela "gurasoak espetxean dituzten motxiladun umea" aldarrikatu dute. Haurra ere izan da jaian.
Espetxean egon den garaian plataformako kideek erakutsi dioten "maitasunagatik erabat hunkituta" agertu da Majarenas. Haren ustez, hainbat arazo mahaiaren gainean jarri ahal izan dituzte: espetxean ama izateak dituen zailtasunak, edo "motxiladun" haurrek preso dauden gurasoak ikusteko egin behar dituzten bidaia luzeak, besteak beste.
Idoia Ibero Sareko kideak eta Garbiñe Alkiza "Izarrekin Sara Etxera" plataformako partaideak hitz egin dute. 2017an aitaren erasoa jasan ostean Sararen eta Izarren alde egindako mobilizazioak gogoratu dituzte.
Porrotx pailazoak ez ezik, Plataforma Feministako kideek ere hartu dute parte ekitaldian. Dramatizazio bat egiteaz gain, bertsolari batek abestu eta dantzari batek emanaldia eskaini du.