Politika -

Katalunia

Guardia zibilen seme-alabak 'umiliatzea' leporatu die Fiskaltzak 9 irakasleri

Fiskaltzaren hitzetan, eskolak U-1ean Poliziak izandako jokabidearen inguruko eztabaidak bultzatzeko erabili zituzten irakasleek. Guardia zibilak “animaliak” zirela adierazi zuten, erantsi duenez.

Espainiako Polizia U-1ean. Artxiboko irudia: Agentziak
Espainiako Polizia U-1ean. Artxiboko irudia: Agentziak
Espainiako Polizia U-1ean. Artxiboko irudia: Agentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sant Andreu de la Barcako IES Palau institutuko bederatzi irakasle salatu ditu Bartzelonako Fiskaltzak, U-1aren ondoren ustez guardia zibilen seme-alabak umiliatzeagatik, Espainiako Poliziaren indarkeriaren aurkako protesta batean parte hartzera behartuz eta eskolatan seinalatuz: “Zure aitak atzo egindakoarekin pozik egongo zara?”.

Fiskaltzak gaur jakitera eman duenez, urriaren 2an, institutuan gertatutakoa delitua izan daiteke. Horrela, herritartasunagatik pertsonak baztertzea eta duintasunaren aurka egitea, osotasun moralaren aurkako delitua eta segurtasun indarren kontrako irain larriak leporatzen dizkie fiskalak.

Fiskaltzaren hitzetan, eskolak U-1ean Espainiako Poliziak izandako jokabidearen inguruko eztabaidak bultzatzeko erabili zituzten irakasleek. Besteak beste, guardia zibilak “kolpeak ematen bakarrik dakiten animaliak eta kirtenak dira”, adierazi zuten polizien seme-alaben aurrean, kezka eta akidura sentimenduak sortuz, gaineratu duenez.

Fiskalaren esanetan, Guardia Zibilaren argiketa azaroaren 9an jaso zuen Fiskaltzak. Institutuko irakasleak alboan dagoen kuarteleko guardia zibilen seme-alabei zuzendu zitzaizkien “eskolatan, mespretxuzko hitz umiliagarriak erabiliz”, beste ikasle batzuen aurrean. Horregatik, ikerketa abiatzea erabaki zuten.

Irakasleek abenduaren 20an eta 28an eta urtarrilaren 4an eta 10ean Guardia Zibilaren aurrean deklaratu zuten

Gorroto eta Diskriminazio Delituen Zerbitzuko fiskalak azaldu duenez, zenbait irakaslek eskola normal emateari uko egin zioten urriaren 2an, Poliziaren indarkeria “neurrigabearen” inguruko eztabaidak bultzatzeko. Fiskaltzaren ahotan, horrek guardia zibilen seme-alabak seinalatu eta umiliatu zituen.

DBHko lehen mailako ingeles irakasle batek ustez eskolak eten zituen, eta ikasleak indarkeria gaitzesteko protesta batean parte hartzera behartu zituen jolastokian. Urriaren 1eko argazki bat erakutsiz, guardia zibilak “txakur amorratuak” ziruditela esan omen zuen irakasleak, guardia zibil baten alabaren aurrean, fiskalaren arabera.

Guardia zibilen seme-alabak nortzuk ziren galdetu omen zuten ingeles irakasle horrek eta beste batek eskolan, gainerako ikasleen aurrean agerian utziz, “ikaskideen arbuioaren jomuga izateko”, fiskalak ziurtatu duenez.

Fiskaltzak jakinarazi duenez, salaketa Martorellgo (Bartzelona) epaitegietara bidali dute, argibideetako 3. epaitegiak aurrera eramateko.

Irakasleek abenduaren 20an eta 28an eta urtarrilaren 4an eta 10ean Guardia Zibilaren aurrean deklaratu zuten dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Albisteak